Emakumeen Donostiako Klasikoa egingo dute 2019an
Donostiako Klasikoak emakumeen lasterketa izango du 2019an. Gaur egin dute gizonezkoen aurtengo probaren aurkezpena Donostiako Udaletxean, eta bertan eman dute albistea. Leire Olaberria izango da Emakumeen Klasikoaren arduraduna.
Gizonezkoen lasterketaren egun berean jokatuko litzateke, goizez. 2019an abuztuaren 3an izango da proba. Ibilbidearen xehetasun batzuk ere argitu dituzte. 100 kilometro inguru izango ditu, Jaizkibel ez dute igoko baina bai Igeldoko muinoa. Helmuga, berriz, Bulebarrean izango du, ohiko lekuan. Antolakuntzaren asmoa da munduko txirrindulari onenak ekartzea emakumeen lasterketara, eta World Tour egutegiko proba izatea.
Abuztuak 4
Donostiako Klasikoa abuztuaren 4ean jokatuko da, eta gaur egin dute aurkezpen ofiziala. 228,7 kilometroko ibilbidea izango du, hiru esprint (Irun, Oiartzun eta Irun), eta zortzi mendate (lehen mailako bi, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako lau).
Berrikuntza gisara, parte hartuko duten 154 txirrindulariek GPS transmisorea izango dute dortsalean. Horri esker txirrindulariaren kokapen zehatza jakin ahal izango da unean bertan. Lasterketaren segurtasunerako eta jarraipenerako lagungarria izango dela adierazi dute.
Parte hartuko duten ziklisten behin behineko zerrenda Klasikoaren webgunean kontsultatu daiteke. Euskal Herriko txirrindulariak 21 izango dira, behin behineko zerrendaren arabera, eta hautagai nagusien artean ondorengoak aipa daitezke: Bauke Mollema (2016ko irabazlea), Julian Alaphilippe, Adam Yates (2016ko irabazlea) Alejandro Valverde (2008 eta 2014ko irabazlea) eta Primoz Roglic (Itzuliko aurtengo irabazlea).