Mikel Laboa presente Jazzaldian
Norbaitek Mikel Laboaren musika jazzera eraman behar bazuen, hori Iñaki Salvador izan behar zen. Denboraldi luze batez lagundu zuen pianoan Salvadorrek Laboa, eta ez du inoiz ezkutatu euskal kantariari dion miresmena. Gaur goizean Victoria Eugenia antzokian eman duen kontzertuan miresmen hori jazzaren bitartez islatu du Salvadorrek.
Agertokian ez da Salvador bakarrik egon, ahotsetan Ainara Ortega eta Maria Berasarte egon dira, Angel Unzu gitarran, Hasier Oleaga baterian eta Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxuan. Maisuki interpretatu du seikoteak Laboaren errepertorioa eta giro hunkigarria sortu da ia goraino beteta zegoen antzokian.
Ortega eta Berasartek elkarrekin abestu dituzten abestietan, Izarren hautsa abestian, esaterako, antzokia bete dute bien ahotsek. Baina abesti gehienetan txandaka abestu dute, eta aktuazio bikainak utzi dituzte. Horren adibide izan da Ainara Ortegak abestu duen Lizardi kanta. Berarentzat “magikoa” dela esan du abesten hasi baino lehen, eta halako giroa sortu du.
Guztiek espero zuten Txoria txori bukaerarako utzi du Salvadorrek zuzendutako seikoteak, eta abestiaren jazz egokitzapen bikaina egin dute, antzokian bildutako ikusleen txalo zaparrada jasoz. Baina berehala itzuli dira eszenatokira, Baga-biga-higa abestia jotzeko. Bukaeran, aurrekoa baino txalo zaparrada handiagoa jaso dute musikariek.
Victoria Eugenia antzokiko eskailerak jaitsi bitartean, zoriontasun aurpegiak baino ez ziren ikusten eta “zein polita” bezalako iruzkinak baino ez ziren entzuten jendartean. Ez dago gehiago esan beharrik.