Camino kaleko eraikin kaltetua. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren agerraldia eskatu du gaur
Camino kaleko eraikin batean agertutako pitzadurek eragindako desalojoaren harira. Asteartean kaleko laugarren zenbakiko
hamar etxebizitza hustu eta eraikineko pentsio bat eta hainbat komertzio ixteko agindua eman zuen udalak,
eraikinaren sabai bat erori ostean.
Ramosek gertakariaren arrazoia zein izan den eta eraikinaren egungo egoera zen den argitu behar duela adierazi du Burutaranek. EH Bilduko kideak Camino kaleko bizilagunekin bildu dela adierazi du, eta hauek, egoerak kezka sorrarazi diela adierazteaz gain, pitzadurak ondoko eraikinean egiten ari diren hotelaren eraikitze lanen ondorio direla diotela zehaztu du Burutaranek.
Arazoa aspalditik datorrela nabarmendu du ere EH Bilduko zinegotziak. Hain zuzen, bizilagunek eraikineko pitzaduren agertzea udalean urte eta erdiz salatu dutela adierazi du. Zentzu horretan, Ramosek udalaren erantzun ezaren arrazoiak azaldu beharko lituzkeela azpimarratu du ere Burutaranek: “Uste dugu EAJ eta PSE-EErekin bi leihatila desberdin daudela udal honetan: bata hotelak, merkataritza gune handiak eta halakoak ireki nahi dituztenentzat, eta bestea gainerako herritarrentzat. Lehenengoa azkarra da. Bigarrena, berriz, motela da, eta zenbaitetan itxita dago ere”.
Camino kaleko bizilagunak euren etxebizitzetara gaur bueltatzea dago aurreikusita, udal teknikariek arrisku berririk ez dagoela ziurtatu ostean.