"Ez da erraza urte osoko lana jokatzea minutu gutxitan"
Uxue Velis eta Naroa Perez: gimnastak.
Gimnasia erritmikoko Donostia klubeko kideak dira Uxue Velis eta Naroa Perez; oso ibilbide politak osatzen ari dira, eta helburu nagusitzat dute gogor lan egitea eta egiten dutenarekin gozatzea.
Txikitatik dabiltza gimnasia erritmikoan Uxue Velis (Hernani, 2002) eta Naroa Perez (Amara, 1999). Euren lorpen eta helburuen berri eman digute, Karmelo Balda pilotalekuan; han entrenatzen baitute orain, Altzako kiroldegia bota zutenetik.
Nolatan hasi zineten gimnasia erritmikoan?
Naroa Perez (N. P.): Ikastetxean hasi nintzen, lau urterekin. Nire amak esan zidan 8 urte nituenean klub batean sartzeko, hobetzen jarraitzeko. Donosti klubera etorri nintzen, eta hasieran nengoen taldean ez nintzen oso gustura egon… beste talde batekin jarri ninduten, eta orduan ezagutu nituen duela bi urtera arte nire taldekideak izan zirenak.
Uxue Velis (U. V): 4 urterekin hasi nintzen, nire lagun batzuekin, Hernanin, eta bi urtez ibili nintzen. Uda batean probatzera etorri nintzen hona, asko gustatu zitzaidan, eta hemen geratu nintzen.
Ordu asko eskaintzen dizkiozue kirol honi, ezta?
N. P.: Beste klub batzuekin alderatuz gero, uste dut gutxiago entrenatzen dugula. Astean hiruzpalau egunetan elkartzen gara, egunean bi orduz. Edonola, saioak asko aprobetxatzen ditugunez, askorako balio izaten dute, eta ez dugu beste batzuekiko alde handia izaten. Ikasketekin uztartzeko ez dut sekula arazorik izan, eta gainera neure burua hobeto antolatzeko balio izaten dit. Argi dago, ez bazatoz ongi pasatzera, ez zarela etorriko. Oso batuak gaude orokorrean.
U. V.: Niri ere balio izan dit hobeto antolatzeko. Badakit denbora gutxi izaten dudala, eta oso ongi antolatzen naiz.
Taldean eta bakarka ere aritzen zarete, ezta?
N. P.: Denboraldiko lehenengo sei hilabeteetan, bakarka aritzen gara. Kategoriaren eta urtearen arabera, aparatuak aldatzen ditugu. Izan liteke tapizera bakarrik ateratzea, eta gero gainontzeko gimnastak batzea, edo gimnasta batek urte horretako aparatu guztiak egitea, eta nik hori egin izan dut. Gero, urtearen bigarren erdian, taldean aritzen gara, eta urtearen arabera aparatu bat edo gehiagorekin egiten dugu.
U. V.: Taldeka entrenatzea dibertigarriagoa da, baina bakarka aritzeak ere badu berea.
Baduzue aparaturen bat bereziki gogokoagoa?
N. P.: Mazak dira nire aparatu gogokoena, bi direlako eta horrela gauza desberdin asko egin daitezkeelako, baina gainontzekoak ere gogoko ditut.
U. V.: Niri orokorrean aparatu guztiak gustatzen zaizkit, ez daukat bat gogokoagoa. Denekin nahiko paretsu moldatzen naiz, baina agian zinta pixka bat gehiago kostatzen zait.
Txapelketetan ere emaitza politak lortu izan dituzue!
N. P.: 2010ean joan ginen lehenengo aldiz Espainiako Txapelketara, taldean, eta txapeldunak izan ginen, eta hortik bi urtera, hirugarrenak. 2014an, bakarkako lehenengo podiuma egin nuen, bigarren postu batekin;?eta urte berean hirugarrenak izan ginen taldean. 2015ean hirugarrena izan nintzen baloiarekin; eta 2016an, zintekin, taldean, bigarrenak izan ginen. 2017an Espainiako txapelduna izan nintzen bakarka, baita mazetan ere; eta bigarrena izan nintzen zintarekin. Mailaz igo nintzen, eta aurten lehenengo mailan aritu naiz. Espainiako Txapelketan akats batzuk egin nituen, baina buelta eman nion, eta urte polita izan da.
U. V.: Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketan lortu nituen lehenengo podiumak, taldeka eta bakarka. Federatu ginenean, Espainiako Txapelketetara joaten hasi ginen, eta aurten lortu ditugu lehenengo podiumak. Denboraldi guztian oso sari onak jaso ditut, eta orokorrean oso ona izan da. Taldeka lortu genuen Espainiako Kopako txapeldunak izatea lehenengo fasean. Oso esperientzia polita izan zen.
Zer moduz daramazue txapelketetako tentsioa?
N. P.: Tentsioa beti izaten dugu. Ez da erraza urte osoko lana jokatzea minutu gutxitan. Taldekako saioak bi minutu eta erdikoak izaten dira, eta bakarkakoak, minutu eta erdikoak. Hala ere, burua hotz izaten dut, eta nahiko ongi daramatzat lehiak.
U. V.: Askoz ere jende gehiago egoten da Espainiako Txapelketetan parte hartzen eta ikusten, eta txikia zarenean, asko eragiten du. Ni gainera oso urduri jartzen naiz txapelketetan, baina badakit ez dudala ezer ere galtzeko, eta nahiko ongi moldatzen naiz.
Edozein akats txikik dena hankazgora jar lezake, ezta?
N. P.: Bai, alde oso txikiak egoten dira. Hanka bat behar bezala ez luzatzeak eraman zaitzake lehen postu batetik zazpigarrenera. Eragin handia izaten dute egokitzen zaizun urteak, eta izan dezakezun zorteak.
Orain atsedena hartuko duzue.
N. P.: Bai, hilabete batez geratzen gara, uztaileko bigarren hamabostaldian eta abuztuko lehenengoan. Hala ere, ni orain entrenatzaile ikastaroa egiten ari naiz, beraz, ez dut atseden handiegirik hartuko.
Honetan jarraitu nahi duzue?
N. P.: Guztiz uztea oso zaila da, eta nik momentuz hemen jarraitu nahi dut, gimnasta edo entrenatzaile gisa. Nire lehengo taldekideek 17-18 urterekin utzi zuten, orain badaude zaharrago batzuk. Azkenean, gorputzak baimendu behar dizu, eta gogoa izan behar duzu.
U. V.: Badakit hau ez dela izango nire bizitza, eta unibertsitatera ere joan nahi dut… pentsatzen dut 18 urte izan arte jarraituko dudala.
Datorren denboraldiari begira jarri zarete jada?
N. P.: Ahalik eta hoberen entrenatuko dugu… zaila da jartzea dominak helburu gisa, kontu askok baldintzatzen dutelako. Momentuz taldean jarraitu nahi dut.
U. V.: Taldean gozatu nahi dut, hori da guretzat garrantzitsuena. Gero, Espainiako final bat lortzen badugu oso ona izango da, oso zaila baita.


