Parte Zaharreko zarata etengabeak bizilagunen atsedena oztopatzen du
Parte Zaharreko bizilagunen ezinegona jasanezina bilakatzen ari da. Azken urteotan, auzotarrek euren bizitza kalitatean eragin zuzena izan duten faktore desberdinak jasan dituzte: turisten inbasioa, zabor pilaketak, etxebizitzaren espekulazioa, bertako merkataritzaren eta auzoaren nortasunaren galera… Oraingoan, ordea, euren osasuna arriskuan jarri duen arazoari egin behar diote aurre auzotarrek: kaleko etengabeko zaratari, alegia.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak auzoko zarataren arazoaren inguruko txosten baten elaborazioa enkargatu zion iaz Noismart enpresari, eta ikerketa horren emaitzak hilabete honetan eman dituzte ezagutzera, datu larri batekin: zaratari dagokion araudia egunero apurtzen da Parte Zaharrean. Hain zuzen, auzoan ikerketarako ipini dituzten hamar sonometroek ia 50.000 zarata alarma erregistratu dituzte prozesuak iraun dituen 22 egunetan zehar. Ikerketaren arabera, gauez zein egunez jasaten duten zarata horrek bizilagunen loa eta atsedena oztopatzen du, euren osasun fisiko eta mentala arriskuan jarriz.
Zarataren iturri desberdinak identifikatu badituzte ere (terrazak, kaleko hotsak, banatze lanak, garbiketa makinak, beira bilketa…), guztiak turismoari zuzendutako auzo ereduaren ondorioa direla nabarmendu du Parte Zaharrean Bizi elkarteak. Bere kideen ustez, «udalaren pasibotasunari esker» auzoan garatu den «kontrolik gabeko ekonomia» da arazoaren oinarria.
Udalak Parte Zaharreko zarataren inguruko txosten propioa argitaratu zuen 2015ean. Hortik ateratako datuek auzoan zaratarekiko arazo larri bat zegoela erakutsi zuten, baina geroztik egoera aldatzeko esfortzurik egin ez dela uste du Xabier Arberas Parte Zaharrean Biziko kideak: « Txostenak datu larriak azaleratu zituen, baina geroztik ezer egin ez denez, egoera are larriagoa da orain».
Udalak, bere aldetik, auzoan bizi den errealitatea ezagutzen duela eta auzotarren kezkak bereak egiten dituela adierazi dio IRUTXULOKO HITZAri. Arazoak, ordea, «konponbide zaila» duela eta hartu beharreko neurriak errazak ez direla azpimarratu du udaleko ordezkari batek.
Horri erantzunez, egoerak behar duena borondate politikoa dela nabarmendu du Arberasek: «Irtenbidea zaila dela ulertzen dugu, baina gaia behar bezala jorratzen ez den bitartean ez da ezer aldatuko». Zentzu horretan, Donostian gaueko ostalaritzaren lobbyak indar handia duela zehaztu du Parte Zaharrean Biziko kideak:?«Arauak errespetatzen ez direla garbi badago, zergatik ez dira betearazten? Politikariek sektore horri aurre egiteko beldurra dutelako».
Horregatik, zarataren gaiari eta auzoan bizi dituzten beste hainbat arazori erantzuna emateko, herritarren mahai ireki bat osatu beharko litzatekeela uste dute auzo elkarteko kideek. Arberasen arabera, «erakundeak atzerapen handiarekin ari dira erreakzionatzen, bizilagunek arazo hau salatzen eta udalari neurriak eskatzen urteak daramatzatelarik».
Auzotarrek proposatzen dituzten neurrien artean, udalak zarataren arazoa globalki kudeatzea ahalbidetuko lukeen plan zonal akustiko baten sorrera dago. Horren bitartez zarata iturrien mapa bat osatu eta arau-hausteen aurrean modu arin eta eraginkorragoan jardun ahal izango litzatekeela uste dute Parte Zaharrean biziko kideek.
Egoerak hobera egingo ez balu, hurrengo pausoa auzoa babes akustiko bereziko gune izendatzea izango litzatekeela diote bizilagunek. Udalak auzoko interes desberdinen arteko oreka bilatu beharko duela ulertzen dute, baina garbi dute lehenik bizilagunen atsedena eta osasuna bermatu beharra dagoela, «hori ezin baita negoziatu».



