Kontzertua eman zuen atzo R+R=NOW seikoteak Trinitate plazan. (Argazkia: Heineken Jazzaldia)
Talentua izan zen atzo Trinitate plazako bi emanaldien protagonista. Proposamen oso berezi bi ikusi ahal izan zituzten plaza goraino bete zuten zaleek. Lehenengoa, Jacob Collierrena, energiaz betetako kontzertua izan zen, non, musika estilo ezberdinetako adaptazioak entzun ahal izan ziren. Bigarrena, jazz abangoardistaren musikari gazte onenen kontzertua izan zen, eta talentuz betetako emanaldia izan zen.
Korrika sartu zen eszenatokira Jacob Collier, oinutsik eta ikusleei bere energia transmititu nahian. Itzulinguru askorik gabe jotzen hasi zen, eta jendea zur eta lur gelditu zen hasiera batean. Izan ere, Collierrek atzo egin zuen musika proposamena ez da batere ohikoa, eta Trinitate plazan bildutako zale gehienak ezustean harrapatu zituen.
Baina jendeak laster asimilatu zuen Collierren proposamena. Bere musikaz gozatzen hasi ziren ikusleak, askok harrituta jarraitzen bazuten ere; “oso proposamen eroa da” bezalako iruzkinak entzuten ziren jendartean.
Ukaezina da Collierren talentua, hogei urte baino ez dituela gogoratu behar baita. Ez da gauza makala hogei urterekin Donostiako Jazzaldian Trinitate plazan jotzea, eta eman zuen kontzertua ematea. Atzoko laukotearekin jotzen zuen lehen aldia zen, baina oso ondo ulertzen zuten elkar. Bestalde, ikusgarria da Collierrek instrumentu batetik bestera aldatzeko duen erraztasuna. Abesten zuen bitartean, pianotik teklatuetara, kontrabaxura, gitarrara eta perkusiora mugitzen zen, behin ere erritmoa galdu gabe.
Hala ere, adar gehiegi ukitzeko nahiean huts egin zuen Collierrek. Izan ere, Stingen abestiak, Beach Boysenak edota Beyoncerenak moldatu zituen, eta ondo moldatu gainera, baina bide propio baten falta sumatzen zen. Ez dezala inork gaizki ulertu, kontzertua bikainekoa izan zen, eta aipatutakoen moldaketek oso estilo propioa zuten. Baina bere bide musikala gehiago zehaztu behar du musikari gazteak, eta denbora eta talentua soberan ditu horretarako.
Trinitate plazan bildutako ikusleek kontzertua gozatu zutela argi ikusi zen honen amaieran, zutik jarri baitziren laukotea txalo eta oihu artean agurtzeko. Datozen urteetan zeresanik emango du Jacob Collierrek.
Rapetik jazzera
Bozgorailuetatik rapa entzuten zela igo ziren eszenatokira Robert Glasper, Christian Scott, Terrace Martin, Taylor McFerrin, Derrick Hodge eta Justin Tyson
R+R=NOW taldeko kideak, txalo artean eta estiloa zeriela.
Broma artean hasi zuen Robert Glasper piano-jotzaileak kontzertua, bere burua Herbie Hancock piano-jotzaile mitikoa bezala aurkeztu baizuen. Baina laster hasi ziren jotzen, eta musika egiteko sei makina direla erakutsi zuten musikariek.
Lehen segmentuak, ezin baitzaio abesti deitu, 40 minutu inguru iraun zuen, geldialdirik gabe. Jazz zale amorratuenentzako minutuak izan ziren horiek, oso proposamen abangoardista izan baitzen. Baina segmentu luzea izan bazen ere, ez zen batere astuna egin, kontrakoa baizik. Isiltasuna egin zen Trinitate plazan, eta bertako kontzertuetan ohikoa den bezala, oso giro berezia sortu zen. Glasperren pianoak zuzentzen zituen gainontzekoak, Scotten tronpetak noizbehinka tonua igotzen zuen bitartean edota urrutitik xuxurla leunak botatzen zituen bitartean.
40 minutu horien ondoren, ikusleen txalo zaparrada jasotzen zuten bitartean, Taylor McFerrin bakarrik utzi zuten eszenatokian gainontzeko taldekideek. Interludio bikain bat egin zuen McFerrinek, bere beatboxa eta soinu sintetizadoreen bitartez.
Horren ondoren, beste 40 minutu inguruko bigarren segmentua jo zuen taldeak, aurrekoa baino dantzagarriagoa. Nabarmentzekoa da euria hasi zuenean gertatu zena. Tanta batzuk bota baino ez bazituen arren, gutxi batzuek plazatik alde egin zuten, baina gehienek antolakuntzak banatutako pontxoa hartu zuten eta, eserita jarraitu beharrean, zutik geratu eta dantzan hasi ziren. Bukaerara arte egon ziren zale gehienak horrela, euriak animatu balitu bezala.
Zaleekin abesten bukatu zuen kontzertua seikoteak, eta igo ziren bezala jaitsi ziren eszenatokitik; bozgorailuetatik rapa entzuten zen bitartean eta zaleen txalo zaparradaren artean.