Gaur gauean joko du Musikeneko Reunion Big Band taldeak. (Argazkia: Heineken Jazzaldia)
Xabier Oruesagasti; Reunion Big Band taldeko kidea
Gaur bosgarrenez joko du Jazzaldian Musikeneko Reunion Big Band taldeak. Hiru urte daramatza Xabier Oruesagastik bertan saxofoia jotzen, eta ondo ezagutzen du taldea.
Nola sortu zen taldea?
Musikeneko ikasleek bere banda propioa izan nahi zutelako sortu zen. Hasieran haien gogoak asetzeko talde bat baino ez zen, baina proiektuarekin motibatzen hasi ziren eta Jazzaldian parte hartzeko hautatuak izateko erronka jarri zuten.
Hasieratik zaude taldean?
Ez. Musikeneko ikasleez osatutako talde bat denez, errotazio asko egoten da, hau da, batzuek ikasketak bukatzen dituzte, Donostiatik joaten dira, eta jende berria sartzen da taldean. Ni duela hiru urte sartu nintzen taldean, lehenengo mailan hain justu. Normalean musikariak kurtso altuagoetan sartzen dira, baina jendea falta denenean, kurtso baxuagoetakoak ere sartzen dira.
Nolakoa izan da orain arteko esperientzia Jazzaldian?
Oso ona. Guretzako pribilegio bat da horrelako jaialdi handi batean egotea. Esperientzia zirraragarria da Zurriola hondartzaren pare-parean jotzea, dena jendez gainezka… Beti gozatzen dugu.
Taldekideek beste proiektu batzuk ere badituzue. Nola antolatzen zarete entseatzeko?
Hori urteroko borroka da, baina azkenean beti lortzen dugu egun bat finkatzea. Urte hasieran saiatzen gara denok gure ordutegiak moldatzen, astean bi orduz entseatu ahal izateko. Musikenen bertan biltzen gara, eskolarekin hitzarmen bat baitugu. Ikasleak garenez, kontzertu batzuen truke bertan entseatzen uzten digute.
Urtean zehar kontzertu asko ematen dituzue?
Hilean behin edo bitan kontzertuak izan ohi ditugu. Aurten, esaterako, Madrilen egon ginen jotzen urte hasieran, eta Bilbon ere jo izan dugu azken urteotan. Donostiari dagokionez, Doka Kafe Antzokian jotzen dugu, eta baita Dabadaban ere. Bertan, urtero lindy hop-eko dantzariekin kolaborazio bat egiten dugu, eta oso kontzertu polita izaten da.
Zer rol jokatzen du Jazzaldiak Musikeneko gazteekin?
Nik uste dut oso garrantzitsua dela urtean zehar landutakoa horrelako jaialdi profesional batean islatu ahal izatea eta zure burua musikari handiekin ikustea. Motibazio aldetik, zirraragarria da musikari handiek joko duten eszenatoki berean jotzea.
Zer espero daiteke aurten emango duzuen kontzertuaz?
Aurten, atera dugun disko berria da berritasun nagusia, hori baita gure proiektuaren zigilua. Big Band errepertorioa joko dugu eta jazz estilo asko bilduko ditugu. Hau da, jazz klasikoa, funka, jazz latinoa eta baita jazz modernoa ere. Beraz, musika estilo askotariko kontzertua izango da aurtengoa.