Mikel Azpiroz: 'Barronen kontzertutik lurreratzen ari naiz'
Aurtengo Jazzaldiko aurreneko hiru egunak galdu nituen kanpoan jotzen nenbilelako, eta atzo gogoz joan nintzen Kursaaleko areto nagusira Kenny Barronen kontzertura. Jazzaldiko klasikoetako bat da, 2.000. urtean Jazzaldiko saria jaso zuen eta hainbat aldiz izan dugu hemen, aspalditik. Piano jotzaile bikaina da, be bop estiloan maisua, eta bere 75 urteekin heldutasun nabarmenez aritu zen, atzo. Bere boskotea izugarria da, denak maila goreneko musikariak. Melodia, erritmoa, armonia, teknika, … atal guztiak menperatzen dituzte.
Johnathan Blake bateria-joleak txundituta utzi ninduen, danborrei ateratzen dien zukua magikoa da. Eskaini zizkigun soloetan behin eta berriz joaten zen Afrikarantz, sustraien bila. Dizzie Gillespieren Be Bop abestiarekin hasi zuten kontzertua, eta Jazzaldian izandako Wayne Shorter edo Caetano Velosoren abestiekin osatu zuten errepertorioa. Bukatzeko, Barronen Baile abestia jo zuten, ukitu latino nabarmenarekin, eta halaxe egiteko gogoa ematen zuen, eserlekutik altxa eta dantza egitekoa. Izugarrizko kontzertua izan zen nire ustez, ondo asebetea irteteko modukoa.
Handik, Trinitate plazara joan nintzen Benny Green Trio ikustera. Klasikoen errepertorioan oinarritutako kontzertua egin zuen; Hank Jones, Coleman Hawkins, edo Wes Montgomeryren abestiak joaz. Jazzaldiak Trinitatearekin duen lotura horren adibide den saio horietako bat izan zen. Jazz musika, gau epela, leku zoragarria. Maila handiko musikariak hauek ere, klasikoagoak aurrekoak baino. Oso gustura egon nintzen han.
Ondoren, azken aldian nabarmendu den Salvador Sobral abeslari portugaldarraren txanda iritsi zen. Eurovision txapelketa irabazitakoa, osasun arazo larriak izandakoa, ahots bitxia eta estilo pertsonala duen abeslari gaztea da. Trinitateko sarrerak agortu zituen. Emanaldi ona eskeini zuen, entzuleria oso kontutan hartuta (Mikel Laboaren Txoria Txori ere egin zuen). Hau ere gustura entzun nuen, baino oraindik Barronen arratsaldeko kontzertutik lurreratzen ari nintzen, edo ari naiz.