Txirain elkartearen danborrada. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Antiguako Txirain elkarteko danborradak Baionako festen azken eguneko desfilean parte hartu du gaur, Erro Bat danborrada lapurtarraren gonbidapena jaso ostean. Izan ere, bi elkarteak anaituta daude duela zenbait urtetatik, eta San Sebastian eguneko danborradara hainbatetan etorri diren Erro Bateko kideek bueltan luzatu diete gonbidapena Txiraingo lagunei.
Antiguako elkarteak anaitasun honen historia azaldu digu:
1998. urtean Donostiko Antigua auzoan Txirain Kultur Elkartea sortu zen, elkarte gastronomikoz gain kultur ekintzak aurrera eramanaz. Ekintzen artean Txirain Danborrada taldea sortu zen eta 2011. urtarrilean lehen aldiz, San Sebastian egunean parte hartu zuen Antiguan zehar danbor/kupelak joaz. Garai hartan Danborrada Ramon Labaienekin harremanetan jarri zen. Labaien jauna historia eta soldadu taldeen jakitun izanik, Donostiako hainbat danborradei aholkuak eman ohi zien XIX. mendeko soldadu konpainiei buruz eta Txirainentzako zenbait konpainien informazioa luzatu zigun, 1808 urteko Baionako “Garde Basque” aukeratua izan zelarik (urte hartan, Napoleonek Lapurdiko hiria bisitatu zuen eta harrera moduan, uniformea estreinatu zen). 2016. Urtean, Donostian urte berezia ospatu zela, Txirain danborradan soldaduek Baionako Garde Basque trajea estreinatu zuten bai eta urketari trajeak, garai hartako kolore eta janzkerak jarraituz. Trajeak egiteko aurretik lan handia egin zen telak, txapelak.. bilatzen eta horretan Baionako kultur taldeekin harremanetan jartzea erabaki zen, beraien ohiturak, materialak… ezagutzeko. Honela hasi zen Baionako Erro Bat taldearekin kontaktua eta harremana, eta 2016ko danborradan Erro Bat taldeko zenbait danbor/kupel jo zuten danborrada San Sebastian egunean Txirainekin bat, bai eta 2016 Kultur Kapitalitateak Kontxan egindako inaugurazio ekitaldian elkar izan ginela Donostiako beste danborradekin batera. Handik aurrera, urtero urtero Baionako zenbait lagun badatoz Donostira Txirainen San Sebastian egunean danborradan parte hartzera eta Txirain danborradak ere izan du Baionan danborrada bizitzeko aukera, Erro Bat taldeko 10. urteurrena ospatzeko antolatu zen festan parte hartuaz.
2018. urtean Erro Bat danborrada lagunak Txirain gonbidatu du Baionako festa ospetsutako desfilean parte hartzera eta bertan izango da gure konpainia: Txirain, Baionako Garde Basque traje dotoreak daramana, erritmo eta umore ona zabalduz bertako kaleetan zehar.
Txirain danboradako batzordea