Kontzertu bikaina eman zuen Chick Coreak atzo. (Argazkia: Heineken Jazzaldia)
Jendea Chick Corea ikusteko gogoz zegoen atzo Trinitate plazan, hasieratik sumatzen zen hori. Plazara ordu erdi lehenago sartuta ere ezinezkoa zen beheko eserlekuetan tokirik hartzea, laster bete baitzen.
Miles Davis handiarekin jo izandakoa da Corea, horregatik, ikusmin handia zegoen atzoko kontzertuaren inguruan. Hirukote akustiko moduan zetorren aurten piano-jotzaile estatubatuarra, eta lehen piezatik antzeman zen ez zuela protagonismo guztia berak hartuko, bi musikari bikainek laguntzen baitzuten baterian eta kontrabaxuan. Izan ere, lehen abestian bertan Dave Wecklek bateria solo bikain bat egin zuen, eta hori bezain ona izan zen John Patituccik bigarren abestian egindako kontrabaxu soloa.
Trinitate plazak zerbait berezia dauka Jazzaldiarekin, argi dago, eta atzokoa giro magikoa sortzen den egun horietako bat izan zen. Une askotan, begiak itxi eta gozatzera gonbidatzen zuen Corearen musikak; Duke Ellingtonen
In A Sentimental Mood abestia jo zutenean, esaterako. Konposizio propioak eta klasikoen adaptazioak tartekatu zituen Coreak, guztietan maila oso altua emanez.
Corearen pianoak zuzendu zuen kontzertua, eta bikain ulertu zen Weckl eta Patituccirekin. Errezital bat izan zen, eta plaza goraino bete zuten zaleak zutik jarri ziren hirukotea agurtzeko. Txalo zaparrada luzea jaso zuten musikariek eta, beraz, bis bat egiteko itzuli ziren oholtzara. Corearen
Spain klasikoa jo zuten, eta ikusleek benetan gozatu zuten abesti hori. Gainontzeko kontzertua bezala, bisa ere bikainekoa izan zen, eta Coreak pianoan jotzen zituen doinuak kantatzen bukatu zuen plaza guztiak.
Zutik jarri ziren berriz ere bertan bildutako zaleak, eta aurrekoa baino txalo zaparrada luzeago eta itxiago batekin agurtu zuten hirukotea. Zoriontasun aurpegiak baino ez ziren ikusten jendartean, gogoratzeko emanaldia izan baitzen.
Chick Corea ezin gainditu
Zaila zen Corearen hirukoteak egindakoa gainditzea, eta Curtis Stigersek ez zuen lortu. Kontzertua txarra izan ez bazen ere, Chick Corearen emanaldiak utzitako sentsazioen ondoren, Stigersena nahiko apal gelditu zen. Gainera, jendea Corea ikustera joan zela argi ikusi zen, haren kontzertuaren ondoren ikusle askok alde egin baitzuten.
Soul eta jazz ukituko
I’ll Be Home abestiarekin hasi zuten kontzertua, eta hasieratik antzeman zen hoberena John
Scrapper Sneiderren tronpeta soloak eta Stigers beraren saxofoi soloak izango zirela. Hasieratik antzeman zen, baita ere, hainbat estilo ukituko zituela Stigersek, bigarren abestian
You’ve Got The Fever kutsu latinoko konposizio propioa jo baitzuten.
Konposizio propioak eta abesti klasikoen adaptazioak tartekatzen joan zen Stigers, eta Willie Dixonek idatzitako
My Babe abestiaren eta Tom Waitsen
San Diego Serenade abestiaren moldaketa politak egin zituzten, esaterako. Baina ez zuen inoiz Coreak sortutako giro magikoa sortzea lortu, eta tarteka izan zuen jarrera harroak ere ez zuen lagundu.
“Bye bye” abesten utzi zuen eszenatokia Stigersek, baina oraindik bis bat geratzen zen. Taldekide guztiek soloak egiteko aukera izan zuten bisean, eta kontzertua ondo bukatu zuen taldeak. Pixkanaka jendea zutik jartzen joan zen Stigers txalo artean agurtzeko, baina ez zen Coreak jasotako txalo zaparrada bezain itxia izan. Chick Corearen kontzertua zuten buruan oraindik ikusle gehienek, ez baitzen erraza hura burutik kentzea, eta Trinitate plazako giroan sumatu zen hori.