Sorosleek greba bukatu dute, baina borrokan jarraituko dute
Azken greba eguna da Gipuzkoako sorosleentzat, hiru eguneko protesta egin ostean. Gipuzkoako kostako zortzi herri eta hiritan egin dute greba sorosleek, udalei eta Gurutze Gorriari beraien lan baldintzak hobetzeko eskaera egiteko. Igandean, greba hasi zuten egunean, lehenengo elkartasun argazkia egin zuten Zurriolako hondartzan eta atzo, bigarrena atera zuten Kontxan. Gaur, hirugarren argazkia atera dute Ondarretako hondartzan, elkartasuna adierazi nahi izan duten hondartzako erabiltzaileekin batera.
Greba zerbitzuen %80ko gutxienekoa bermatuta egin dute greba, eta haserre azaldu dira horregatik, bai sorosleak eta baita ELA sindikatukoak ere. “Argi dugu bainurako eskubidea ez dela lehen mailako eskubide bat, eta horregatik, hasieratik esan dugu greba honetan ez duela zerbitzu minimorik egon behar; Eusko Jaurlaritzak inposatu duen planteamenduarekin grebak indarra galtzen du”, azaldu du Maddi Aspiazu, ELAko ordezkariak.
Jon Gorospe, Zurriolako hondartzako soroslearen arabera, aldiz, Donostiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gurutze Gorriaren jarrera “lotsagarria” da. Ardura falta ere egotzi diete eta Gipuzkoako hainbat herritako udalak sorosleekin bildu diren arren, Donostiako Udala eta Gurutze Gorriak ez dutela inongo mugimendurik egin salatu dute. “Guk borondate osoa adierazi dugu akordioetara iristeko, baina beraien aldetik ez dago horrelakorik; seriotasuna eskatzen diegu arazoa konpontzeko”, adierazi du Aspiazuk.
Balorazio positiboa egin dute grebaren jarraipenari eta herritarren erantzunari dagokionez. Aspiazuren esanetan “gure borrokarekin bat egin dute herritarrek, eta horrek aurrera jarraitzeko indar asko eman die sorosleei”. Bihar, bilera egingo dute sorosleek eta ELA sindikatuko ordezkariek, grebaren balorazioa egin eta aurrera begira emango dituzten pausuak zehazteko. “Greba ez diren beste aldarrikapen tresna batzuk erabili beharko ditugu, argi gelditu delako zerbitzuen %80ko gutxienekoaren planteamenduarekin gutaz barre egin dutela”, adierazi du Gorospek. Aspiazuk, bere aldetik, honakoa gaineratu du: “indartsu gaude eta langileek argi dute hemen ez dela ezer bukatu”.
Erlazionatutako edukiaSorosleek elkartasun argazkia atera dute Zurriolan, grebako lehen egunean