'Ametsak eta egunerokoak' erakusketa bisita daiteke Ekain galerian
Eduardo Txillida Belzunceren Ametsak eta Egunerokoak erakusketa osatu dute, Ekain arte galerian (Iñigo kalea, 4). Erakusketan topa daitezke artistak azken urteetan egindako margolanak eta formato txikiko eskulturak.
Margolan batzuk mihiseetan eginak daude, eta, beste batzuk, metakrilatoaren gainean. Hain justu, etxean zuten koadro elektriko baten tapa margotu zuen behin Txillidak, eta hortik sortu zitzaion metakrilatoan margotzearen ideia. “Egunero margotzen dut, orduak joaten zaizkit konturatu gabe”, azaldu du artistak. Ezkerrarekin pintatzen du Eduardo Txillida Juantegi artista ezaguna zenaren semeak, izan ere, moto istripu larri bat izan zuen hogeita bat urte zituela, eta ezkuineko besoan galerak izan zituen, ordura arte margotzeko erabiltzen zuena.
Margolanetan ikus daitezke estudioko ikuspegiak, baita Manhattan edo Paris hiriko paisaiak ere. Eskulturetan, berriz, eskuak irudikatu ditu. Abuztuaren 2tik iraila arte egongo da zabalik erakusketa: asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00tara; larunbatetan,
11:30etik 13:30era.
Ekaineko erakusketarekin batera, mostra paralelo bat antolatu dute San Bizente elizaren atarian: Konpainia Onenean. Formato handiko sei brontzezko eskulturek osatzen dute.