'El amor menos pensado' film argentinarrarekin hasiko da Zinemaldia
Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da Juan Vera ekoizle eta gidoigile argentinarrak zuzendutako El amor menos pensado filma. Verak zuzendutako lehen filma da hori, eta Mercedes Moran eta Ricardo Darin aktoreak ditu protagonista. Darin, bere aldetik, aktore gisa ibiltzeaz gain, ekoizle moduan ere ibili da filmean, bere seme Chino Darinekin batera.
25 urte ezkonduta egon ondoren, krisialdian sartu eta bananduko den bikote baten istorioan datza filma, non, maitasunaren, desioaren eta denboraren joanaren inguruko gogoeta egingo duten bikotekide ohiek.
Verak zuzendutako lehen filma bada ere, zinema industrian eskarmentu handia duen profesionala da. Izan ere, Lucrecia Martelen Zama filmeko ekoizlekidea da, eta baita Pablo Traperoren Elefante blanco eta Carancho filmena ere.
Filmaren protagonistei dagokienez, Moran, bere aldetik, Karlovy Varyko zinema jaialdian emakumezko Aktore Onenaren saria jasotzetik dator, Sueño Florianópolis filmean egindako lanagatik. Bestalde, Latinoamerikako zinemagile garrantzitsuenekin lan egin du Moranek, hala nola, Lucrecia Martel, Ana Katz edota Pablo Larrain.
Darin Latinoamerikako aktore garrantzitsuenetako bat da, eta ondo ezagutzen du Donostiako Zinemaldia, iaz Donostia saria irabazi baitzuen. Gainera, epaimahaikide ofiziala izan zen 2012an, gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2015ean, eta Europako Film Onenaren Publikoaren saria irabazi zuen 2014an. Bestalde, hainbat zinemagile garrantzitsurekin egin du lan; Fernando Trueba, Santiago Mitre eta Jose Campanella, besteak beste.