'Kaia, jaia eta iraultza alaia' lelopean ospatuko dute Aste Nagusi Pirata
Lonjako berrikuntza lanak Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren artean adostutako proiektu baten emaitza direla gogoratu dute Piratek, eta 1,5 milioi euroko kostua izango dutela. Hala ere, oztopo guztien gainetik –berrikuntza lanak eta tasen ordainketa, kasu– pasa direla azpimarratu dute Piratek, eta kaiak erdigunea izaten jarraitzen duela.
Aste Nagusi Pirataren jarduera nagusian ere, Abordatzean, hain zuzen, aldaketak egongo direla azaldu dute Piratek. Alde batetik, muntaketa goizeko zortzitan hasi ordez, hamarretan hasiko da eta hiru txanda baino ez dira egongo, ordubiak arte, hain justu. Bestetik, abordatze eguneko bazkaria Flamenka gunean bertan izango da aurten. Abordatzerako izen-ematea irekita dago jada, Donostiako Piraten webgunean.
Bestalde, sexu erasoen aurkako jarrera tinkoa dutela nabarmendu dute Piratek, jai gune aske bat eraiki nahi dutela eta ez dutela sexu erasorik onartuko. Horregatik, Zirgari lantaldearen lana azpimarratu dute, horiek izan baitira sexu erasoen aurkako protokoloa egituratu dutenak. Aurten ere egongo den salaketarako telefonoaz gain –664 164 408–, Puntu Morea estreinatuko dute Flamenkan. Egon daitezkeen erasoei azkar erantzutea izango du helburu eremu horrek, eta gauero egongo da aktibo, 23:30tatik 04:00tara.
Gainera, aurtengo musika eskaintzan emakumeen presentzia ziurtatuta dagoela azaldu dute, eskaintza osatzen duten hamabost taldeetatik hamaikatan emakumeak baitaude. Horren harira, Krii Kolektiboaren presentzia nabarmendu dute Piratek. Izan ere, hiru DJ-k osatzen duten kolektiboak musika elektronikoaren bitartez honako hiru ardatz hauek lantzea du helburu: emakumeen segurtasuna eta askatasuna dantzalekuetan, musika elektronikoa emakume perspektibatik programatzea eta emakumeak musika estilo horretan ahalduntzeko hezkuntza eta elkarbanatze saioak lantzea.
Kofradia bakoitzak bere egitaraua
Egitarau nagusiaz gain, Donostiako Piraten mugimendua osatzen duten hamabi kofradiek ere egitarau propioa dute, eta bakoitzaren egitarauko jarduera nagusia nabarmendu dute.
Aingura kofradiak, esaterako, BiziFesta jarduera nabarmendu du. Eskandalosak, Parte Zaharrean egiten duten Eskandalizatu jarduera azpimarratu du, Eskifaiak Gazte Eguna eta, Jaraneroek, antolatu dituzten rantxerak, non, tequila ere egongo den.
Kalepozak, bere aldetik, Playback lehiaketa nabarmendu du. Kantauri kofradiak Bazkauria, Pirata Bihurriek haur eta familientzako jarduerak, Ubarroiek Groseko Piraten Eguna, Xelebreek hilaren 14an egingo duten Kalejira eta, Traganarruek, urtero bezala Intxaurrondoko estankea abordatuko dutela azaldu dute.
Azkenik, Sardiñerek hilaren 15ean LGTBIQ+ Eguna ospatuko dutela azpimarratu dute eta, Xibaroek, presoen dispertsio politika salatuko dutela, antolatutako jardueren bitartez.
Aste Nagusi Pirataren erdigunea kaia dela nabarmendu nahi dute Donostiako Piratek Kaia, jaia eta iraultza alaia leloaren bitartez. Hala azaldu dute gaur goizean eman duten prentsaurrekoan, non, Aste Nagusi Pirata aurkeztu duten. Abuztuaren 11tik 19ra bitarte –txupinazotik Irrikitaldira–, ospatuko dute Aste Nagusia Donostiako Piratek eta, leloak aipatzen dituen hiru zutabe horietan oinarrituz, egitarau oparoa prestatu dute.
Aurten, kaiko lonjaren berrikuntza lanak direla eta, Flamenka eta Lasta guneek aldaketak izango dituzte. Kontzertuetarako eszenatoki nagusia urteroko lekuan mantenduko da, baina txosna bertan egon ordez, orain arte Lasta gunea izan denera aldatuko da, eta hor ere eszenatoki txiki bat egongo da. Beraz, Lasta gunea aurten ez da egongo, dena Flamenka izango da.