Aurtengo zezenketen aurkako manifestazioa aurkeztu dute. (Argazkia: Askekintza)
Aste Nagusia hasiko den egunean bertan, hilaren 11n, antolatu dute Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza taldeek zezenketen aurkako manifestazioa,
Zezenketarik ez, ez Donostian, ez inon! lelopean. Arratsaldeko seitan aterako dira Bulebarretik eta Bretxan amaituko da manifestazioa, Arraindegi zaharraren aurrean. Ibilbideak, beraz, beste urteetakoekin alderatuz, aldaketa batzuk dituela azaldu du antolakuntzak. Honako hau da aurtengo ibilbidea: Bulebar, Hernani, Loiola, San Martin, Getaria, Askatasunaren Hiribidea, Okendo, berriz ere Bulebar, San Joan eta Bretxa.
Antolakuntzaren aburuz, “onartezina” da gizakion “onura eta dibertsiorako” animaliak zapaltzea eta “haien oinarrizko interesak” urratzea. Horregatik, zezenketak ez dituztela onartzen nabarmendu dute. Bestalde, antolatzaileek salatu dute Donostiako zezenketak ez direla jarduera pribatu bat. Haien esanetan, Donostiako udal gobernuak “espresuki” zezenketei ematen dien sostengurik gabe, gaur egun “iraganeko” gauza izango lirateke hirian. Aurten, abuztuaren 11tik 15era egingo dituzte zezenketak Illunben.
Manifestaziora batzera animatu dituzte zezenketen aurka dauden jai batzorde, elkarte, kolektibo, eragile eta norbanako guztiak, “gatazka honetan botere gutxien duenaren alde” egiteko.