Ondarreta hondartzako harriak kentzeko lanak. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)Irutxuloko Hitza
Uztailaren 10ean Donostiako Udalak Ondarretako harriak kentzeko kanpaina hasi zuenetik, 12 lan jardunaldi egin dituzte eta 565 harri tona inguru atera dituzte, Aranzadi Zientzia Elkarteko arduradunen arabera. Ernesto Gasco alkateordeak azaldu duenez, aurreikusitako kopurua handiagoa zen, baina mareek harri gehienak kubritzen dituzte azkenaldian eta, beraz, ez dute erabiltzaileen bainua oztopatzen.
Bestalde, Gascok azaldu duenez, ez dute adostutako aurrekontua xahutu nahi. Horregatik, mareek area daramatenean eta, beraz, harri gutxi daudenean, ez dituzte makinak sartzen. Lan gehiago egongo den egunetara arte itxoiten dute, lana eraginkorragoa izan dadin.
Hala ere, aurreko astean 100 kiloko harri bat atera zuten, Aranzadiko arduradunen arabera hondartzako kafetegi zaharreko oinarriaren parte zena. Horregatik, Aranzadiko arduradunek arreta mantendu behar dela nabarmentzen dute, arearen azpian gelditzen diren harri guztiak lehenago edo beranduago kanpora aterako direlako.
Udara guztian zehar jarraituko dute harriak kentzeko lanek, aurreikusitako 55 lan jardunaldiak bete arte. Bestalde, Aste Nagusian marea biziak egongo diren arren –egoera egokiena da lanak aurrera eramateko–, ez dute lanik egingo. Udalak azaldu duenez, segurtasun kontuengatik da hori, pertsona asko gauean hondartzan geratzen baitira Aste Nagusian.
Alkateordeak azaldu duenez, marea biziak daudenean ikusten da normalean ur azpian dagoen partean oraindik eraikuntza zaharren zati asko daudela. Normalean makinak ez dira zonalde horietar iristen, beraz, marea biziak aprobetxatzea garrantzitsua da.