IX. Poltsiko Antzerki deialdia zabalik dago. (Argazkia: Donostia Kultura)
IX. Poltsiko Antzerki deialdira aurkeztutako proiektuen artean, bi izango dira sarituak; irabazleak 4.000 euroko diru laguntza eskuratuko du, eta finalistak 3.200 eurokoa. Uztailaren 2an ireki zuten deialdia, eta irailaren 27an itxiko dute. Euskarazko sorkuntza bultzatzea du xede deialdiak, eta antzezle, antzerki talde eta elkarte artistiko guztiei dago zuzenduta.
Aurkeztutako proiektuek tabernetan egin ahal izateko antzezlanak izan behar dute. Izan ere, saritutako bien sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, datorren urteko otsailean egingo duten Poltsiko Antzerki Jaialdiko programazioaren barruan sartuko dira. Hiriko tabernetan lau emanaldi egingo ditu hautatutako antzezlan bakoitzak.
Poltsiko Antzerki deialdia, Donostia Kulturak antolatzen duen deialdia da, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean. 2011. urtean antolatu zuen estreinakoz, eta orain arteko deialdi guztietan ia 50 proiektu aurkeztu dira.
Sarituak izango diren bi proiektuak urriaren 15ean hautatuko dituzte, eta Poltsiko Antzerki Jaialdian izango dira emanaldiak, 2019ko otsailaren 7tik 24ra, hain justu.