Muriel Boxen film guztiak egongo dira Zinemaldiko atzera begirakoan. (Argazkia: Donostiako ZInemaldia)
Aurtengo Donostiako Zinemaldiko atzera begirakoan, Muriel Box (Ingalaterra, 1905-1991) gidoigile eta zuzendariak zuzendutako 28 film luzeak ikusi ahal izango dira. 1945 eta 1964 artean garatu zuen bere obra Boxek, eta filmetan oso gai konplexuak tratatzea da bere ezaugarri nagusia. Izan ere, prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez legitimoak eta nerabeen arteko sexua landu zituen, besteak beste.
Garaiko testuinguru politiko eta soziala kontuan hartuta, ausardia handiz landu zituen gai horiek zuzendari ingelesak, eta bere ekarpena funtsezkoa izan zen 1950eko hamarkadan eta baita 1960ko hamarkadaren lehen erdialdean ere. Gai horiek landu izanagatik, zinema independentearen barruan sartu daiteke Boxen obra, baina genero klasikoetako gaiak ere landu zituen; melodrama, komedia, poliziakoa eta historikoa, esaterako.
Zinemaldian ikusgai egongo diren 28 filmen artean
The Lost People (1949),
To Dorothy a Son (1954),
The Truth About Women (1957) eta
Rattle of a Simple Man (1964) filmak nabarmentzen dira.
Beste emakume zinemagile batzuen kasuan bezala –Dorothy Arzner eta Ida Lupino, esaterako–, funtsezkoa da Muriel Boxen filmak berrikustea, emakume errealizadoreek zenbait testuingurutan eta zinematografiatan izan duten garrantzia ikuspegi feminista batetik aldarrikatu eta ikusarazteko. Izan ere, Boxek zinemazaleen artean prestigioa duen arren, ez dira bere obraren inguruko ikerketa asko egin, eta zinemaren historian aipamen labur batzuk baino ez ditu jaso.