Aitor Zabaleta urtero izaten dute gogoan Anoetan.
Anoetaren birmoldaketa lanek aurrera darraite. Udalak kendu berri ditu estadioaren aurrealde nagusia apaintzen duten bi eskulturak, babeste aldera. Izan ere, eskulturak kaltetu ditzateke makinen eta garabien joan etorriek eta obren mugimendu guztiak.
Eskulturetako bat da Aitor Zabaleta errealzalearen omenezkoa, 2001eko uztailaren 5ean jarri zutena. Atletico Madrileko jarraitzaile ultra batzuek hil zuten Zabaleta realzalea, partida baten atarian. Tenerifeko Cristo Quinteroren obra da eskultura.
Beste eskultura Alberto Ormaetxea entrenatzaile txuri-urdin ohiaren omenezkoa da. 2006ko apirilaren 26an jarri zuten Anoetan.
Enrique Ramosek, Hiri Proiektuetako zinegotziak, esan du ongi babesturik jasoko dituztela eskulturak: «Bi eskulturak behar bezala eta kontu handiz enbalatu ditugu, kalterik paira ez dezaten. Anoetako barrutian daude, babestutako espazio batean, eta behin obrak bukatzean, berriro ipiniko ditugu. Realzaleentzat oso maiteak dira».