Hartutako irudiak errebelatuko dituzte. (Argazkia: Tabakalera)
Argazkilaritzaren oinarrira joko dute Tabakalerak antolatutako ikastaro berezian, eskuz egindako argazki kamerekin. Birzikilatutako ontziak erabiliko dituzte; zuloa egin eta beltzez pintatu ondoren, argazki papera sartuko diote barruan, eta ingurua arakatu eta argazkitan jasoko dute. Ondoren, hartutako irudiak errebelatu egingo dituzte, argi gorripean, gela ilunean.
“Praktika hau akatsarekin jolasteko eta adiskidetzeko gonbidapena ere bada, izan ere, esperimentazio analogikoan gauza ugari gerta daitezke eta istripu horiek askotan gure lanari ekarpena egin diezaiokete”, diote antolatzaileek.
Haur zein helduentzako ikastaroa izango da: “Garai digitaleko emaitza azkarrak alde batera utzi eta argazkilaritza analogikora gerturatuko gara. Txundituko gaitu!”.
Abuztuaren 10ean eta 11n egingo dute ikastaroa, 10:30etik 13:30era. Aurrez izena eman beharra dago,
Tabakaleraren webgunearen bidez.