Carabelak azaldu dira Kontxako Badian. (Argazkia: EITB)
Aste honetan Kontxako Badian aurkitu dituzten bi marmokak direla eta, ziztada baten aurrean egin beharrekoaren inguruko gomendioak eman ditu Gurutze Gorriak. Bietako bat carabela portugesa zen –berez ez dira marmoken familiakoak, baina antza handia dute– eta beste ezin izan zuten hala identifikatu.
Ziztadak azkura asko ematen badu ere, ez da mindutako zonaldea ukitu behar, hustu gabeko pozoi besikulak geratu daitezke eta. Bestalde, ur gaziarekin garbitu behar da zonaldea, inoiz ez gezarekin, eta ezta gernuarekin ere. Horrezaz gain, atsedena eta hotza eman behar zaio mindutako zonaldeari, dela ur gaziarekin bustitako zapiekin edo dela izotzez betetako poltsekin. Baina, garrantzitsuena, ahalik eta azkarren sorosleengana edota hurbilen dagoen osasun zentrora joatea da.
Aurkitutako marmoka kopuruaren eta gertatutako ziztada kopuruaren arabera, bandera horia jarriko lukete hondartzetako sorospen zerbitzuek, marmoken banderarekin batera. Bestalde, marmoka izurrite bat egongo balitz, bainua debekatuko lukete, bandera gorria jarriz.