Iazko Donostiako Klasikoko podima. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Aurtengo Donostiako Klasikoaren berrikuntza nagusia zen txirrindulari bakoitzak GPS bat eramango zuela, denbora errealean bakoitzaren kokalekua jakin ahal izateko. Azken orduan, ordea, bertan behera gelditu da GPS-en berrikuntza, Velon elkartearen ezezkoaren ondoren, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Elkartearen barruan WorldTourreko 11 talde daude sartuta eta, lasterketaren antolakuntzaren arabera, Velonek ez du antolakuntzarekin haiekin lankidetzan aritu nahi izan. Antolakuntzak “nahigabe handia” azaldu du gertaera horren aurrean, eta Velonen erabakiarekin “oso minduta” dagoela adierazi du. Bestalde, EITB-k emanaldia eta zuzeneko datuak hobetzeko egindako apustua eta Helmuga CyclingCloud Euskal Herriko enpresak lasterketa hobetzeko egindako ahalegina goraipatu ditu antolakuntzak.
Etorkizunean horrelakorik errepikatu ez dadin neurriak hartuko dituela azaldu du antolakuntzak. Bestalde, kasua UCI-n (Nazioarteko Txirrindularien Elkartea) eta AIOCC-n (Nazioarteko Txirrindularitza Lasterketen Antolatzaileen Elkartea) aurkeztuko duela, halakoak arautu daitezen.