Campeones filma Belodromoan ikusi ahal izango da. (Argazkia: Zinemaldia)
Donostiako 66. Zinemaldiaren programazioaren barruan bost emanaldi hauek egongo dira Antonio Elorza Belodromoan:
Arde Madrid telesaila,
Campeones aurtengo espainiar film arrakastatsuena, haren inguruko
Ni distintos ni diferentes: campeones dokumentala eta
Smallfoot eta
Dilili a Paris animaziozko filmak.
Paco Leon aktoreak zuzendutako komedia eta thriller arteko telesaila da
Arde Madrid. 1961ean Ava Gardner aktorea estatubatuarra eta Juan Domingo Peron politikari argentinarra bizilagunak izan zireneko benetako gertaeran dago oinarrituta, guztia Gardnerren etxeko langileen ikuspuntutik. Telesaila osorik emango dute eta, protagonistak, Inma Cuesta, Debi Mazar, Anna Castillo, Julian Villagran eta Paco Leon bera dira.
Kaledonia Berritik Parisera Belle Epoque garaian joandako neska baten inguruko istorioa da
Dilili a Paris filma. Dilili izeneko neska horrek beste neska gazte batzuen bahiketak ikertuko ditu filmean, eta hainbat abentura biziko ditu horren harira. Michel Ocelot
Kirikou et la sorciere (1998) filmaren egilearen –euskaraz,
Kiriku eta sorgina– azken filma da
Dilili a Paris. Bere garaian, film luze onenaren saria jaso zuen
Kirikou eta la sorciere filmarekin Annecyko jaialdian.
Bestalde, emanaldi bikoitz bat ikusi ahal izango dute Belodromoan sartzen diren 3.000 pertsonek. Izan ere, Javier Fesserrek zuzendutako
Campeones film arrakastatsua emango dute lehenengo, eta haren inguruko Alvaro Longoriaren
Ni distintos ni diferentes: campeones dokumentala segidan. Filmaren protagonistak dira, halaber, dokumentalaren protagonistak.
Beste animaziozko film batek, publiko guztientzako
Smallfoot filmak, hain justu, itxiko du Belodromoko eskaintza. Yetiaren mitoari buelta eman dio Karey Kirkpatrick zuzendariak film honetan, yeti gazte batek gizaki bat aurkitzetik abiatzen baita istorioa. Gertaera horrek yetien komunitatea aztoratuko du, ez baitzuten gizakien existentziaren berri. Jatorrizko bertsioan, ahotsak jarri dituzte Channing Tatumek, LeBron Jamesek, Gina Rodriguezek eta Danny DeVitok, besteak beste.