Gaur goizean aurkeztu dute Donostikluba Festibala. (Argazkia: Beñat Parra)
Urriaren 4, 5 eta 6an egingo dute 13. Donostiakluba Festibalaren eta Intxaurrondoko kultur etxean egingo dutela da aurtengo berrikuntza nagusia. Areto horrek duen akustika ona azpimarratu du Jon Aizpurua dKlubako zuzendariak, haren esanetan bertan jotzen duten talde guztiak “oso pozik” ateratzen baitira.
Gaur egungo kaleko musika izango da jaialdiaren protagonista, hip hopa, trapa, rock independentea eta elektronikoa entzun ahal izango baitira aurten. Maika Makovskiren The Mani-las talde berriak irekiko du urriaren 4ko gaua, Joan Colomo kantari katalanak jarraituko dio eta ezusteko talde batek itxiko du “pentsalari askeen” gaua. Izan ere, Sergio Cruzado jaialdiko sustatzaileak azaldu duenez, karteleko arrainek pentsalari askeak irudikatzen dituzte alde batetik, pentsalari aske ugari izango baitira mikrofonoaren aurrean. Bestetik, arrainek gaur egungo punk jarrera irudikatzen dutela azaldu du, arrainek ura xurgatzen duten moduan, artistek musika ezberdinak xurgatzen dituztelako.
Hip hop gaua izango da hurrengoa, non, Hard GZ raperoak abestuko duen lehenengo eta Denomek ondoren. Proiekzio handiko artistak dira biak, oso gazteak baitira, eta haien abestiek milioika ikustaldi izaten baitituzte Youtuben. Interneten duten arrakasta hori zuzenean ere izatea espero dutela adierazi du Cruzadok.
Trapak eta musika elektronikoak itxiko dute aurtengo Donostikluba Festibala, Bejo eta Sad Mirriren eskutik. Traparen ingurutik mugitzen den artista da Bejo kanariarra, eta Locoplaya taldearekin batera Kanariar Uharteetako eszenan arrakasta gehien duena da. Bestalde, bertako artistak ere indartu nahi ditu antolakuntzak eta, ildo horretatik doa Sad Mirri bertako artistarengan egindako apustua.
Gazteak erakarri nahian
Aizpuruak azaldu duenez, kontzertuetara gehien bat 30 urtetik gorako jendea joaten zela ikusita, “18 eta 30 urte bitarteko” jendea erakartzeko erronka jarri zuten iaz. Aurten ere erronka horrekin jarraitzen dute, Aizpuruaren esanetan, “zuzeneko musika indartzea” baita haien helburua eta “gazteak dira horren etorkizuna”. Horregatik da nagusi kaleko musika programazioan, eta arrakasta espero dutela adierazi du Aizpuruak.
Cruzado, bere aldetik, jaialdia Intxaurrondon egitearekin pozik agertu da, haren aburuz halako musikek harrera ona izango baitute bertan. Aizpuruak azaldu duenez, bertan egiten diren kontzertuak arrakastatsuak izan ohi dira, eta hauek ere arrakasta izatea espero dute.
Jaialdira joan nahi dutenek gaurtik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak
dKlubaren webgunean.