Erraldoi eta buruhandien jarduera solidarioa aurkeztu dute. (Argazkia: Beñat Parra)
Seigarrenez egingo dute aurten erraldoi eta buruhandien jarduera solidarioa Aste Nagusian. Lehenenego urtean bezala, Aspanogi elkartearen alde izango dira aurtengo erraldoi eta buruhandiak, elkartearen hogeigarren urteurrena aprobetxatuz.
Duñike Agirrezabalaga Lankidetza zinegotziak azaldu duenez, Super Amara supermerkatuarekin lankidetzan egindako jarduera da eta, beraz, supermerkatuak Donostian dituen lau dendetan salduko dituzte gaurtik aurrera Iñigo Garvi konpartsako kideak diseinatutako kamisetak. 1.000 kamiseta jarriko dituzte salgai, 10 eurotan bakoitza, eta salmentatik ateratako dirua Aspanogi elkartera joango da.
Urtero bezala, Itzurun konpartsa izango da erraldoiak eta buruhandiak eramango dituena, eta Iñigo Garvik adierazi duenez, “poz handia” ematen die sei urte pasa ondoren Aspanogi elkartearekin berriz ere lan egiteak. Aspanogi elkarteak minbizia duten haurrekin eta haien familiekin egiten du lan, behar duten laguntza guztia emanez, haien bizitzaren kalitatea hobetzeko bidean. Izan ere, Bittor Andonegi elkarteko presidenteak azaldu duenez, garrantzitsua da haurren minbizia “ikusaraztea eta normalizatzea”. Horren harira, eskerrak eman dizkie Itzurun konpartsari, Donostiako Udalari eta Super Amarari jarduera horretan parte hartzeagatik, eta Gipuzkoan jasotzen duten solidaritatea “oso handia” dela nabarmendu du.
Aspanogirekin lehen urtean lan egin zutenetik, Gure Nahia, Juneren Hegoak, Dravet eta Pausoka elkarteekin ere lan egin dute, eta iaz 2.506 euro lortu zituzten Pausoka elkartea laguntzeko.
Larunbat arratsaldean aterako dira estreinakoz erraldoi eta buruhandiak, Urdaneta kaletik Alderdi Ederrerantz, eta hurrengo larunbatean egingo dute agurra Konstituzio plazan Union Artesanarekin batera. Egunero aterako dira eta erdigunetik ibiliko dira gehien bat, baina baita auzo batzuetatik ere: hilaren 14an Grosetik, 16an Amara Berritik eta 17an Antiguatik –egun horretan Jose Maria Sert plazan ere kamisetak erosi ahal izango dira–. Konpartsako pertsonaiek festetako zapia eramango dute jantzita, edozein eraso motaren kontrako jarrera erakusteko, eta baita hiritarrak zapia janztera animatzeko ere. Bestalde, erraldoiak ikusgai egongo dira San Telmo Museoan egunero, hilaren 16 eta 17an izan ezik.