IV. Gaua piztu lasterketa aurkeztu dute. (Argazkia: Donostiako Udala)
Laugarrenez egingo dute aurten Aste Nagusiaren atariko
Gaua piztu herri lasterketa ostiralean, hilaren 10ean. Gaueko hamaiketan hasiko da Alderdi Ederren, eta bost kilometroko ibilbidea egingo dute, berriz ere Alderdi Ederrera iristeko.
Bera Bera RT kirol elkarteak antolatutako jarduera da eta, azaldu dutenez, kirola eginez, modu ezberdinetan korrika eginez, koadrilen artean eta familiartean disfrutatzea du helburu.
Lasterketa hasi aurretik berotzeko, Drag Queen Ingrid da Pin Up-ek girotutako Zumba eta Strong By Zumba masterclass bat egongo da udaletxeko terrazan, 22:15etatik 22:45tara. Udaletxeko terrazan bertan ere kontsigna zerbitzua egongo da hamarretatik aurrera.
Bestalde, galaktikoa da aurtengo gaia, eta parte hartzaileak mozorro originalekin joatera animatu dituzte, mozorro onenak sarituak izango baitira. Argi fluoreszenteak ere erabiliko dira, antolakuntzak banatuko baititu osagai fluoreszenteen kitak. Gaueko hamarretatik aurrera, Margo gunea irekita egongo da Alderdi Ederren, non, parte hartzaileek mozorroak osatu ahal izango dituzten. Photocall bat ere jarriko dute hamarretatik hamaiketara, eta mozorro onenen sarietan parte hartu nahi dutenek bertan atera beharko dituzte argazkiak.