Baimena eman dute San Bartolome elizaren hormak botatzeko
EH Bildu eta Irabazi koalizioek aurreko egunetan salatu zuten udal gobernuak baimenak emango zituela eraisterako.
Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du baimena ematea, San Bartolome elizako gurutze latindarraren trazako hormak eraisteko. Eneko Goia alkateak hau adierazi du: “Behin udal arkitektoek hiru enpresa espezializatuen txostenak aztertua, gomendioa da hormak eraistea eta berriro eraikitzea, ondarearen babesean ezarritakoa errespetatuz”.
Txostenean hala dio: “Elementu edo fatxadako zati iraunkorrak kotserbatu edo zaharberritu behar dira, besteak beste, harlanduzko lanak, dorreak, apaintzeko elementuak eta erliebeak. Baita gurutzea, hilarria, eskulturak eta elizatea osatzen duten gainerako elementuak ere”. Batzordeak baimena eman du aldaketa txiki bat egiteko, leihoak erabilera berrira egoitzeko, beti ere, aipatutako leihoen multzoaren jatorrizko zatiketa, arrosa leihoaren banaketa erradiala eta beheko leihoetako lauki sarea errespetatuz, baita ate handia, burdin hesia eta iparraldeko fatxadako ate nagusia ere.
Goiak azaldu duenez, eraikuntzaren enpresa sustatzaileak justifikatu beharko du aparkalekuen erabilpena. Izan ere, 60 leku izatetik 62 izatera pasako da, gela kopurua 122tik 123ra pasako delako. Halaber, bete beharko du lursail horretarako Hiri Antolakundurako Plangintza Orokorrak aurreikusten dituen bizikletentzako aparkaleku kopurua.
San Bartolome elizaren hormak eraisteko baimena eman du udalak, eta leku horretan eraiki ahal izango dute. Hotela egiteko lanak geratu egin zituzten urtarrilean, enpresa eraikitzaileak elizaren horma zati bat bota zuenean. Horrela bada, San Bartolomeko goiko zatiaren urbanizazioa amaitzeko lanek jarraitu ahal izango dute.