Igor Makazaga: 'Geldialdiko hausnarketa'
Igor Makazaga, Donostiarrako gizonen entrenatzailea.
Uztaila bukatu eta abuztua hasten den horretan, egindakoa aztertu eta aurrera begira jartzea ezinbestekoa izan ohi da. Onenen artean dagoen lehian Urdaibaiek Euskolabel Liga oso bideratuta duen arren, Euskadiko Txapelketa Hondarribiak eta Estatukoa Zierbenak irabazi izanak, bizipoza ematen dio denboraldiaren bigarren zatiari. Are eta gehiago, Urdaibaiek Euskolabel Ligako ohorezko txanda uztailaren 21etik irabazi ez duenean; ligako hurrengo hiru estropadetan Orio, Hondarribia eta Zierbena irabazle izan direlarik. Horiek datuak besterik ez dira, baina denek kontutan izango dituztenak.
Inork ez dezala zalantazrik izan, Urdaibaiek hiru aste beranduago, txapelketak barne, bost estropada jarraian ohorezko txanda hori irabazi gabe egon ondoren, arantza hori Ondarrun kendu nahiko du. Egiari zor, Urdaibaiek irabazi izan duenean, besteek erakutsi ez duten nagusitasuna erakutsi du, hainbeste aipatzen den “beste puntu hori”, eta horrek faborito txartela emango dio denboraldia bukatu bitartean.
Azken asteetan ireki den beste frentea sailkapenaren atzealdean dago. Lehenengo estropadetan makal antzera ibili ondoren, lehenik Kaiku, eta ondoren batik bat Tiranen susperraldiak, abuztuko estropadak hil ala bizikoak bilakatu ditu. San Juan eta Tiranen helburua hurrengo hiru astetan, beste hiru astetako luzapena izango da, berriro ere oso estua izango den play-offerako sailkatzea. Iruditzen zait Ligak izan duen geldialdia San Juani hobeto etorri zaiola, puntuetan aldea duen arren uztaila bukaerako joera Tiranen aldekoa izan baita.
Azkenik, bigarren txanda, sailkapenak ematen duen estuasunik ez duen txanda, baina ontzi lehiakorrez osatua dagoena. Inor ez dago ezer barkatzeko, Santurtzik orain arte erakutsi duen nagusitasuna ezbaian jartzeko asmotan Cabo, Ondarroa eta gu geu, ezer galtzekorik ez eta aurrerapauso bat emateko prest, gure onena irailan emateko helburuarekin.