6. Euskara Plana aurkeztu dute Eneko Goiak eta Miren Azkaratek. (Argazkia: Donostiako Udala)
Bost urtez (2018-2022) luzatuko den Euskararen Erabilera Normalizatzeko 6. Plangintza aurkeztu dute Eneko Goia alkateak eta Miren Azkarate Euskara zinegotziak gaur goizean. Planaren helburua, hemendik bost urtera Donostiako Udaleko jarduera arlo guztietan euskara erabiltzea da.
Orain arteko planek ere euskara zerbitzuetan erabiltzeaz gain, lanean ere erabiltzea zuten helburu. Baina, udalak azaldu duenez, oraingoan helburuak askoz zehatzagoak dira, %20ko pisua eman baitzaio euskara zerbitzuetarako hizkuntza izateari eta %80koa lanerako hizkuntza izateari. Goia pozik azaldu da plangintza Udal Gobernuak aho batez onartu izanagatik. Azaldu duenez, udal administrazioan bi hizkuntza ofizialak –euskara eta gaztelania– erabiltzea lortu nahi dute, bai ahoz eta baita idatziz ere. Horretarako, Bikain ziurtagiriak erabiltzen duen metodologia erabiliko du estreinakoz.
Azkaraterek azaldu duenez, aurreko planaren ebaluazioa izan du oinarri 6. Planak. Horren arabera, lan bileretako dokumentuen %49a euskaraz edo elebidunez aurkezten dira, esaterako. Bestalde, udaleko langileen %44k euskara erabiltzen dute ahoz komunikatzeko, beste erakundeetara bidaltzen diren dokumentuen erdia elebidunez bidaltzen dira, eta beste erakundeekiko harremana ahozkoa bada harreman horien %58a euskaraz izaten da.
Halaber, udaleko langileen %72,81ek egiaztatu du hizkuntza eskakizuna, derrigortasun data izan edo ez. 2022an, planaren indarraldia amaitzean, lanpostuen %89,83ak derrigortasun data izatea espero du udalak.