Elkartasun txupinarekin eman diote hasiera Aste Nagusi Piratari
Aste Nagusi Pirata abian da jada, eta datorren asteko igandera bitarte jaian murgilduko du hiria, giro onez eta adin guztientzat prestaturiko egitarauarekin. Matti eta Ezkila izan dira festari hasiera eman dion txupinari su emateaz arduratu direnak. Matti pertsonaia Altsasuko gurasoek irudikatu dute aurten, eta Ezkila, berriz, Kalepoza kofradiako kideak izan dira.
Txupinaren aurretik egindako kalejiraren ondoren, piraten kofradia desberdinek bat egin dute Altsasuko gurasoekin, eta Flamenka gune ondoko kai-muturrera joan dira denak itsasotik zetorren Ezkilari ongi etorria ematera. Arraun Lagunakeko traineruan iritsi da Donostiako Piraten kapitaina, eta lurreratzean bere arpoia luzatu dio Mattiri, biak eskutik helduta kaian barrena egiteko.
Bertara hurbildu diren herritarrek harrera beroa egin diete Altsasuko gurasoei, eta elkartasun hori eskertu du Mattik txupinari su eman aurretik botatako hitzaldian. Amaitzean, Flamenkan bildu diren lagunek ‘Aurrera Altsasu’ kanta abestu dute, musikaz lagundurik, txupinaren eztandarekin batera bederatzi eguneko festari hasiera eman aurretik.
Egunak utzitako irudiak bildu ditu IRUTXULOKO HITZAk, argazki eta bideotan.