Gizon bat atxilotu dute, emakumeek pixa egiteko erabili ohi duten toki batean kalean kamerak jartzeagatik
Sei kamera eta sakelako bat konfiskatu dizkiote, hainbat irudirekin. Igandetik astelehenerako gauean atxilotu zuten, eta Donostiako ertzain etxera eraman zuten. Epailearen aurrera eramango dute. Kalean jarri zituen grabatzeko gailuak, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen.
Bestalde, emakume batek salaketa egin zuen sexu abusuak direla eta. Larunbatetik iganderako gauean gizon batek ipurmasailean ukituak egin zizkiola salatu du. Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da, egilea bilatzeko. Erdialdean gertatu zen erasoa.
Eneko Goia alkateak bilera egin du udal bozeramaileekin, bi gertakari hauek aztertzeko. Udalak erabateko irmotasunez gaitzetsi ditu bi gertakariak. Gaitzespena adierazteko, udal korporazioak elkarretaratzea egingo du, bihar asteartea, hilak 14, 12:00etan, Alderdi Ederren udaletxearen aurrean eta gaitzespena adierazteko egiten diren deialdiekin bat egiten du. Donostiako mugimendu feministak eta Donostiako Piratek elkarretaratzea egingo dute gaur, hilak 13, Bulebarrean, 19:30ean.
Udalaren erakunde adierazpena, osorik:
Asteburuan Donostian izan diren bi emakumeen askatasunaren eta eskubideen urraketa larria diren bi gertakarien berri izan ondoren, Udalak honako hau adierazten du:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten ditu bi gertakariak. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste bi gertaera dira.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi die eraso tamalgarri hauek jasan dituzten emakumeei, bai eta bere familiei eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak erasoak jaso dituzten emakumeei eskainiko die Udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duten laguntza guztia.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Gaitzespena adierazteko, Udal Korporazioak elkarretaratzea egingo du, bihar asteartea, hilak 14, 12:00tan, Alderdi Ederren Udaletxearen aurrean eta gaitzespena adierazteko egiten diren deialdiekin bat egiten du.