(Argazkia: Cristina Enea Fundazioa)
Donostiako bizikleta bidezko mugikortasuna aztertu du Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak, eta gehitu egin du
Apunte Koadernoak bildumara. Azpiegiturak aztertu dituzte, baita herritarren ohiturak eta pertzepzioak ere. Konturatu dira adin guztietako jendeak erabiltzen duela bizikleta hirian, eta askok ez dituela ezagutzen hiriko bizikleta sarearen ezaugarriak, ezta bizikletan zirkulatzeko arauak eta ibilgailuak bete beharreko baldintzak ere: txirrina, argia, kaskoaren erabilera…
Lana osatzeko, ikertu dituzte Donostiako hiru hondartzen inguruak. Ingurune horietan guztira dauden bizikleta aparkalekuak eguneratu dituzte, eta behatu dute jendeak bizikleta aparkatzean duen portaera. “Garrantzi handikoa izan da aztertzea bizikletan ibiltzen diren pertsonek zer iritzi duten ibilgailu horri buruz eta hiriari buruz”, diote fundaziokoek.
Jendeak bizikleta helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatzeko ohitura duela diote, eta udan, hondartzen aurreko bizikleta-aparkalekuak betetzen direla. Ondorioz, bizikletak hiri altzarietan ere aparkatzen dituzte: zuhaitzetan, barandetan, eserlekuetan…
Bildumako gainerako izenburuekin batera, eskuragarri dago kontsultatzeko eta deskargatzeko Cristina Enea Fundazioaren webgunean,
Iraunkortasunaren Behatokiaren atalean.