55. Su Artifizialen lehiaketa egiten ari dira. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)Irutxuloko Hitza
Urtero bezala, aurten ere su artifizialak dira Aste Nagusiko jarduera garrantzitsuena eta jende gehien biltzen duena. Bakoitzak bere erara ikusten ditu; batzuek Kontxan helatu tipikoa jaten, beste batzuek Erdialdeko kaleetatik eta beste batzuek lagun artean, Kaiko edo Sagueseko kontzertuak hasteko zain.
Ohi bezala, berdintasun handia dago aurten ere lehiaketan parte hartzen ari diren piroteknien artean, eta guztiak daude sari banaketaren zain,
baina oraindik lau falta dira.
Granadako Esteban Martin pirotekniak ireki zuen lehiaketa larunbatean, eta ziur sari banaketa iristeko irrikaz egongo direla, 2012an esku hutsik itzuli baitzen Andaluziara.
Igandeko Hamex d.o.o Esloveniako pirotekniak, ordea, lehen aldiz hartu du parte Aste Nagusiko lehiaketan. Horregatik, estreinaldi ona egin nahiko dute, lehiaketa irabaziz.
Caballer FX enpresak valentziar kutsua eraman zuen Kontxako badiara astelehenean. Lehiaketan gehien parte hartu duen piroteknietako bat da, 1965ean lehiatu baitzen estreinakoz. Gainera, hainbat aldiz eskuratu du urrezko maskorra. Beraz, aurtengoa ere irabazteko hautagai indartsua da.
Parente Fireworks italiarrak 100 urte baino gehiagoko esperientzia erakutsiko du gaur badian. 1965ean izan ziren italiarrak lehen aldiz Donostian. Ordutik, hainbatetan itzuli dira, eta 2008an urrezko maskorrarekin itzuli ziren Italiara.
Alemaniarrak izango dira biharko suak, First Class Pyro-events enpresarenak, hain zuzen. Donostian bigarrenez lehiatzen ari dira alemaniarrak, 2012an ere egon baitziren.
Ostegunekoak beste beste beterano batzuk izango dira: Galiziako Xaraiva piroteknia. Aurtengoa, haien bosgarren aldia izan da Donostian, eta haiek ere badakite zer den sarituak izatea, 1999an zilarrezko maskorra eskuratu baitzuten.
Ez dira berriak ostiraleko Caballer anaiak Donostiako lehiaketan, izan ere, 2001ean parte hartu zuten estreinakoz. Gainera, badakite irabaztea zer den, iaz urrezko maskorra lortu baitzuten.
Larunbatean banatuko dituzte sariak, eta orduan jakingo da faboritoek irabazten duten ala ezusteko irabazleren bat egongo den. Horren ostean, jaiei amaiera emango dio Göteborgs Fyrverkerifabrik piroteknia suediarrak, ikuskizun piromusikal handi baten bidez.
Epaimahaia
Hiru epaimahai daude, urtero legez, su artifizialak baloratzen eta epaitzen. Alde batetik, epaimahai ofiziala dago, urrezko, zilarrezko eta brontzezko maskorrak ematen dituena, hain zuzen. Aurten, gainera, beste sari bat ere emango du epaimahai ofizialak: Hasiera Ikusgarrienaren Saria. Izan ere, Kontxako badiaren erdiko plataformatik hasten dira aurten su artifizialak. Antolakunztaren arabera, badiaren erdian «irudi bat sortzea» da asmoa. Horretarako, piroteknia bakoitzak hiru efektu berdin edo ezberdin erabili ditzake hasiera horretan, eta aldi berean bota ditzake.
Bestetik, epaimahai gaztea dago, bere sari propioa ematen duena. Epaimahai hori 16 eta 22 urte bitarteko gazteek osatzen dute, eta kide bakoitzak egunero toki ezberdinetatik ikusten ditu suak.
Azkena, epaimahai herrikoia da. Bertan, edonork bozkatu ditzake gehien gustatu zaizkion su artifizialak igande gauerarte. Boto gehien lortzen dituen pirotekniak Ikusleen Sari Nagusia eskuratuko du.
Argazki Lehiaketa
Laugarrenez ari dira egiten aurten su artifizialen argazki lehiaketa Aste Nagusian zehar. Aurreko urteetako maila mantentzen bada, aurten ere argazki ederrak egongo dira bertan.
Iazko irabazlea, esaterako, da aurtengo Su Artifizialen Lehiketako kartela. Beraz, aurtengo irabazlea ere datorren urteko kartelean azaldu daiteke.
Baina, horretaz gain, hiru sari banatuko dituzte Gipuzkoako Argazkilarien Elkarteko kideek: Lehenengo saria, irailaren 14 eta 15ean Donostiako Hipodromoan egingo duten Donostia Festibalerako bono bikoitz bat eta bi pertsonentzako afari bat izango da. Bigarrenak, ordea, bi pertsonentzako afari bat irabaziko du. Hirugarrenak, bere aldetik, La Perlako talasoterapia zirkuiturako bi abonamendu lortuko ditu.
Beraz, lehiaketan parte hartzeko arrazoirik badute Donostiako argazkilaritza zaleek.