Alex Martinez eta Elene Lopetegi, Marruma elkartearen atarian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Groseko Marruma elkarteak 30 urte bete ditu astelehen honetan. Urteurrenaren aitzakian, jarduera bereziak prestatu dituzte urte bukaera bitartean, baina batzuk oraindik sekretupean dauzkate. Aste Nagusiaren baitan ere ospatuko dute urtebetetzea, horrela, kaxuelitak eskaintzeaz gain, Donostiako Piraten danborradaren bisita jasoko dute ostiralean.
Marruman bildu gara Alex Martinez (Gros, 1981) eta Elene Lopetegi (Gros, 1995) lagunekin, xehetasun guztien berri izateko.
Nolatan sortu zuten Marruma elkartea?
Alex Martinez (A.M.): Bizilagun dezente bildu ziren duela 30 urte, eta garai hartan beste hainbat elkarte sortu ziren moduan sortu zuten. Grosen beharra eta indarra bazegoela ikusi zuten, eta aurrera atera zuten Marruma. Hasieran zaila egin zitzaien, baina hor jarraitzen dugu 30 urte eta gero.
Ibilbidea ez da erraza izan, ezta?
A.M.: Marruma hedabideetan askotan agertu da, epaiketa eta miaketa ugari izan ditugulako. Uste dut miaketa gehien izan dituen herrikoa izan dela [barreak]. Prozesu luzea izan da, hamabi urtekoa, eta absolbitua geratu da. Hori guztia izan da txarrena, baina gauza on asko ere izan ditugu.
Auzoan errotuta dago eta jarduerak antolatzen dituzue.
A.M.: Bai, betidanik egon da auzoan txertatua. Jarduera eta ekintza pila bat antolatu ditugu: danborrada, Zipotz jaietan marmitako lehiaketa, gainerako elkarteekin elkarlana, herri mugimenduetan lana, San Tomas egunean postua… Gainera, elkarte gastronomikoa izateaz gain, elkartea beti zabalik izaten dugu herri mugimenduetarako.
Marruma Kulturalak egiteari ere ekin diozue. Zer moduzko erantzuna jaso duzue?
A.M.: Hori da. Kultur arloa bultzatu nahi genuen eta hilabete batzuk daramatzagu hitzaldiak eta kontzertuak egiten. Apostu desberdina izan da eta kostatuko zitzaigula uste genuen, baina uste genuena baino jende gehiago hurbiltzen ari da. Oso pozik gaude. Giro intimoan egoten gara, 30-40 lagun artean, eta gustura gabiltz. Pentsatzen ari gara liburu aurkezpenak eta zine forumak ere egitea.
Elene Lopetegi (E.L.): Marruma Kulturalak erreferente bat bihurtu da auzoan, eta askok kontuan izaten dute.
Nola ospatu behar duzue 30. urteurrena?
A.M.: Aste Nagusi osoan kazuelitak ditugu, presoen batzordearen eskutik. Jarduera gehiago egingo ditugu urte bukaera arte, baina oraindik batzuk sekretupean ditugu.