Bost opera prima eta bigarren film bat aurkeztuko dira Zinemaldian
Zinemaldiko 34. Zinema Eraikitzen sailean zeuden 181 filmetatik, bost opera prima eta bigarren film bat izan dira parte hartzeko hautatuak. Ekoizpen argentinarrak, txiletarrak, brasildarrak, uruguaitarrak eta boliviatarrak dira seiak, eta irailaren 24, 25 eta 26an aurkeztuko dituzte.
Latinoamerikako zinemarako diru laguntzak lortzea xede duen programa da Zinema Eraikitzen, eta Donostiako Zinemaldiaz gain, Cinelatino, Rencontres de Toulouse zinema jaialdian ere presente dago.
Aurten Donostian aurkeztuko diren filmak honakoak dira: Joaquin Peñagaricano eta Pablo Abdalaren Mateina, Luis Garibaldiren Los tiburones, Sebastian Muñozen El Principe, Carlos Piñeiroren Sirena, Omar Zuñigaren Los fuertes eta Nicolas Savignonen Ni heroe ni traidor. Azken zuzendari hori da lehenago film luzeren bat egin duen bakarra, 2009an Hospital de dia eta 2013an Los desechables filmak egin baitzituen. Gainontzekoek, ordea, orain arte film laburrak baino ez dituzte egin, eta Donostian aurkeztuko dituzte euren lehen luzeak.