IRUTXULOKO HITZAren azalaren aurrerapen bat. (Ilustrazioa: Amaia Oulad Ibañez)
Ostiralean, abuztuaren 17an, Aste Nagusiko zenbakia argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk. Jaietan eta udan girotutako astekaria izango da, eta erreportaje nagusia jai askeen alde lanean ari diren guztiei eskaini diegu; emakumeek ere aske eta beldurrik gabe gozatu ahal izateko lanean ari direnei.
Gaia azalera eramateko ardura Amaia Oulad Ibañez Donostiako Mugimendu Feministako kideari eman dio Donostiako hedabideak. Aspalditik du gustuko marraztea, eta bere zaletasuna hainbat aldarrikapen irudikatzeko baliatu izan du pankartetan, pegatinetan eta beste hainbat euskarritan. Groseko Asanblada Feministak aurten egin dituen poltsoetako ilustrazioa egin du, besteak beste.
Gozamena eta plazera irudikatzen duen irudia egin du IRUTXULOKO HITZArentzat. Jaietan beldurrik gabe eta aske gozatzeko deia zabaldu nahi izan du ilustrazio honen bidez.
Askotariko elkarrizketa eta erreportajeak
Irutxuloko Hitza Irutxulo.hitza.eus atarian egiten ari da Aste Nagusiaren jarraipena. Egunero jasotzen ari da Donostiako jaietan gertatzen ari den guztia. Ostiralean, papereko edizioan, hainbat elkarrizketa eta erreportaje interesgarri aurkituko dituzte irakurleek. Izaskun Astondoarekin hitz egin dugu su artifizialez gehiago jakiteko; Miriam Arrillaga pilotari zubietarra elkarrizketatu dugu, Sardiñerak kofradiaren Sardiñerraia festa askeaz idatzi dugu, Txarangen atzetik ibili gara euren egunerokoa ezagutzeko… Itzurun konpartsako kideekin eta gauero zezensuzkoak ateratzen dituzen kide batzuekin ere izan gara, baita igandean Irrikitaldian parte hartuko duten pirata batzuekin. Gainera, jaietako irudi pila bat bildu ditugu!