Salatutako bortxaketaren aurka manifestazio jendetsua egin dute
Gaur gauean salatutako bortxaketa eta aurreko egunetan jazo diren erasoak salatzeko manifestazio jendetsua egin dute Parte Zaharreko kaleetan zehar. Donostiako mugimendu feministak eta Donostiako Piratek deitu dute protesta, eta manifestazio hasieran irakurri duten manifestuan “babes osoa” adierazi diete erasoak jasan dituzten emakumeei. Eraso sexistak publikoki aitortzeko garrantzia azpimarratu dute eta “isilpean geratzen diren erasoak” salatzera animatu dituzte emakume guztiak.
Autodefentsa feministaren aldarria ere ozen nabarmendu dute eta emakumeen arteko babes sareak indartzeko beharra aipatu dute. Era berean, gogor salatu dute indarkeria matxistaren aurrean udalak zein instituzioek duten jarrera, “eraldaketa kosmetikoak saldu nahi dituztela” argudiatuz.
Bestalde, Donostiako Udalak bat egin du mugimendu feministak deitutako protestarekin eta udaleko Bozeramaile Batzordeko hainbat kide bertaratu dira. Eneko Goiak, Donostiako alkateak, hedabideen aurrean egindako adierazpenen arabera, kasua Adin Txikikoen Fiskaltzaren eskuetan dago orain, eta baita atxilotutako adin txikiko bi mutilak ere. Atxilotuta zegoen hirugarren mutila aske utzi dute. Udaltzaingoak ikerketa zabalik daukala jakinarazi dute baita ere.
Erlazionatutako edukiaAdin txikiko neska batek bortxaketa bat salatu du Donostian