ETE liga eta KAE-2 liga irabazi ditu Donostiarrak
Donostiarra arraun elkarteak lorpen handia egin du; izan ere, emakumeen traineruak ETE liga irabazi berri du, joan den asteburuan; eta gizonen bigarren ontzia txapelduna izan da KAE 2 ligan.
Colindreseko jardunaldiak itxi zuen ETE liga, larunbatean, eta horixe ere etxeratu zuen Iñaki Mendizabalen taldeak, ligako zazpigarren lorpena: La Bretxa Bandera (Donostia), I. Orio Kanpina Bandera, II. Bandera El Correo-Kutxabank, VII. Pasaiako Ikurriña, Ondarroako bandera, II. Emakumeen bandera Aste Nagusia Donostia, eta III. Colindreseko Bandera. Ligako irabazleak izateagatik, Euskotren Ligarako play offa jokatuko dute Donostiarrako emakumeek, Hondarribiarekin batera (Euskotren ligako azken sailkatua), irailaren 15ean eta 16an.
Donostiarrako gizonen bigarren ontzia, Donostiarra B, KAE 2 ligako garailea izan da, esan bezala. Bost bandera irabazi ditu taldeak: XXVI. Camargoko bandera, XII. Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako bandera, XXXIV. Pasaiako Ikurriña, XLVI. Castroko Bandera, eta Laredoko Bandera. KAE 1 ligan ariko da datorren denboraldian Donostiarra B, zuzeneko igoera lortu baitu.
Hirugarren postuan bukatu zuen Euskotren liga Arraun Lagunaken emakumeen traineruak, duela bi asteburu. Bigarren urtea zuen Lugañenek Euskotren ligan, eta aurtengo lorpenik handiena izan du lehen bandera eskuratutzea, Ondarroako uretan. Gainontzeko jardunaldi guztietan San Juan izan da irabazlea.
Donostiarraren gizonen lehen ontzia, oraindik lehian
Datozen bi asteetan Kontxako Bandera baino ez da izango denen ahotan, baina Kontxa igarota ere, lanean jarraitu beharko du Donostiarrako gizonen lehen ontziak. Izan ere, TKE liga bukatzeko, beste bi jardunaldi falta dira, irailaren 15ean eta 16an, Bermeon eta Portugaleten. Zazpigarren postuan dago momentu honetan Donostiarra, 99 punturekin. Esan beharrik ez dago, taldea ongi baino hobeto estreinatu dela TKE ligan.