Euskal derbi batekin hasiko da Egiako Eskubaloi Txapelketa
Bihar abiatuko da XXIV. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa. Bera Bera eta Zuazoren arteko euskal derbiak emango dio hasiera lehiaketari, 19:30ean Egiako kiroldegian. Donostiako taldeak Espainiako Superkopako neurketa izango du larunbatean Gijonen aurka, eta aurrekari ona izango da beraientzako.
Egiako Eskubaloi Taldea da txapelketaren antolatzailea, eta ohitura duenez, senior mailako taldeen aurkezpena egin ohi du. Horrela, ostegunean, emakumeen taldea Munttarperen aurka ariko da (18:15), eta gizonezkoena, aldiz, Ohorezko B mailako Zarautzen kontra (20:15).
Gizonezkoen txapelketa, berriz, ostiralean hasiko da Egiako kiroldegian. Lau talde ariko dira lehian. Hilaren 31n, batetik Bidasoa eta Anaitasuna ariko dira aurrez aurre 18:00etan; eta bestetik, Toulouse –iazko txapelduna– eta Benidorm 20:00etan. Azkenik, larunbatean, 3. eta 4. posturako partida jokatuko dute 17:30ean, eta finala 19:30ean.
Sarrerei dagokienez, biharko emakumeen partida ikusteko 5 euro ordaindu beharko dira. Aldiz, ostiral eta larunbateko eguneko sarrera 10 eurokoa izango da.