
Olatz Mitxelena, Alfonso Gurpegi eta Helena Jimenez de Aberasturi, aurkezpenean. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Euskal Jaiak ostegunean hasiko dira eta irailaren 9ra bitarte iraungo dute. Beste behin ere kirola, kultura eta gastronomia uztartuko ditu egitarauak. Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta bertan erakutsi dute Gorka Aizpurua eibartarrak egindako kartela.
Egitarauari dagokionez, Lur kolektiboak antolaturiko artisautza azoka da berrikuntza. Frantziako pasealekuan egongo dira egunero (11:00-14:30 eta 16:30-20:30). Egitaraua osorik
helbide honetan topatuko duzue.
XI. Kontxako banderak emango dio hasiera astebeteko festari. Ostegunean, emakume eta gizonen sailkatze estropadak jokatuko dira Kontxako badian, 17:30etik aurrera.
Arraunarekin batera, lehen asteburuko topagune garrantzitsuena Sagardo Eguna izango da. Larunbat honetan, irailak 1, Gipuzkoako 35 sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera egongo da Konstituzio plazan, 11:00etatik 14:00etara. Aldiz, 12:30ean Juan Inaxio Astiazaran Zubietako Iruin sagardotegiko arduraduna omenduko dute. Sagardo dastaketa ere egingo dute San Jeronimo kaleko sotoan.
Igandean, Kontxako banderaren lehen jardunaldiarekin batera –11:00etatik aurrera–, Dantza Sueltoko Txapelketa egingo dute Konstituzio plazan 18:00etan.