Hiriko 'Oroimenaren bidea' ezagutzeko bisita antzeztuak egingo dituzte
Donostiako oroimen historikoa ezagutzeko bisitaldi antzeztuak antolatu ditu udalak irailerako. Herritarrek Oroimenaren bidea izeneko ibilaldi antzeztuaz gozatu ahal izango dute, doan, 1936ko gerrak hirian eragindako hondamendia gogora ekartzeko helburuarekin. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Departamentuak bultzaturiko egitasmoa aurreko urteetako arrakasta dela eta errepikatuko dute aurten.
Bisitak ordu eta erdiko iraupena du, eta ibilaldian zehar Maria Alonso de Val eta Alvaro Garayalde aktoreek Xabier Lopez gidoilariak idatzitako obra laburrak antzeztuko dituzte. Bertan, Donostiarrek garai latz hartan bizi izandako beldurrak, itxaropenak eta abar ezagutuko ahal izango dira, antolatzaileen arabera.
Ibilaldia Easo plazan hasiko da eta hiriko erdigunean barrena jarraituko du, Zurriolako zubian amaitzeko. Bisitak iraileko larunbatetan izango dira, goizeko 12:00etan eta arratsaldeko 18:00etan. Soilik irailaren 8an eta 22an egingo diren bisitak izango dira euskaraz. Bisitek 25 pertsonako gehienezko kopurua izango dute, eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik esteka honetan edo info@komazk.com helbidera idatziz izena ematea.