(Argazkia: Ane Urkiri)
Emakumeen euskal derbiak eman zion hasiera atzo
XXIV. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketari. Bera Berak 28 eta 20 gainditu zuen Zuazo auzoko kiroldegian. Donostiarrek Espainiako Superkopa jokatuko dute larunbatean Gijonen pistan.
Neurketa parekatua izan zen, eta Egiako kiroldegiko beroak bere eragina izan zuen erritmoan. Lehen zatian Bera Berak markagailua bere alde jarri zuen –13 eta 7 bukatu zen–. Bigarren zatian, ordea, bizkaitarrek joko hobea erakutsi eta donostiarrek akats gehiago egin zituzten atzean.
Egiako txapelketa hasi baino ez da egin, eta ostegun, ostiral zein larunbatean eskubaloiaz gozatzeko aukera izango dute auzoko kiroldegira hurbiltzen direnek. Egiako Eskubaloi Taldea da txapelketaren antolatzailea, eta ostegunean, beraien maila goreneko bi taldeak aurkeztuko dituzte partida banarekin. Emakumeen taldea Munttarperen aurka ariko da (18:15), eta gizonezkoena, aldiz, Ohorezko B mailako Zarautzen kontra (20:15).
Gizonen lauko txapelketa
Ostiralean hasiko da gizonen txapelketa. Lau talde ariko dira lehian. Hilaren 31n, batetik Bidasoa eta Anaitasuna ariko dira aurrez aurre 18:00etan; eta bestetik, Toulouse –iazko txapelduna– etaBenidorm 20:00etan. Azkenik, larunbatean, 3. eta 4. posturako partida jokatuko dute 17:30ean, eta finala 19:30ean. Bi egunetan 10 euroko sarrera ordaindu beharko da bina neurketa ikusteko.
Ostiralean Egiako txapelketaren inguruko atariko erreportajea argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk.