Errekatxulon isurketa kutsakor bat egon dela salatu du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak Añorgako Errekatxulo errekan izandako isurketa kutsakor berri bat salatu du. Hain zuzen ere, pasa den asteburuan “oso nabariak ziren olio itxurako orbanak eta isuri zurixka bat” agertu zirela adierazi dute. Bideoan grabatu zuten, eta jarraian ikus daiteke.
SOS Deiak zerbitzura deitu zuten, 112ra deituta Ura Agentziako ikuskatzaileak abian jartzeko modurik azkarrena delako beraien esanetan. Horrela, jendeak ere isurketa bat ikusiz gero gauza bera egiteko eskatu dute. “Isurketak urte osoan egiten dira, baina udan ikusgarritasun gehiago izan ohi dute. Uda partean ibaiek eta errekek ur gutxiago eraman ohi dute eta, ondorioz, isurketak nabarmenago geratu ohi dira”.