'Agur, Etxebeste!' filmatzen ari dira
Duela hamalau urte Aupa Etxebeste! filmean aritu zen lantalde tekniko eta artistiko berbera ari da Telmo Esnal eta Asier Altunaren zuzendaritzapean. Beraz, Etxebestetarren familian bi aktore donostiar ari dira berriz lanean: Ramon Agirre eta Paco Sagarzazu.
Ramon Agirreren pertsonaiak, Patrizio Etxebestek, osasun arazoengatik alkatetza utzi beharko du, Maria Luisa emaztea jarriko da haren lekuan, eta horrek goitik behera aldrebestuko ditu udaletxeko egunerokoa nola etxe barruko giroa. Horra arte aurreratu dituzte Esnal eta Altuna zuzendariek istorio berriaren nondik norakoak.
Datorren urtean estreinatuko dute lan berria. Aupa Etxebeste!-n egin bezala, Bergaran grabatzen ari dira kaleko irudi gehienak –irudian–, eta aurreko filmerako eraikitako fikziozko etxea birsortuko dute Zinealdeko pabiloietan, Oiartzunen (Gipuzkoa). Gipuzkoako beste herri batzuetan ere grabatuko dituzte zenbait sekuentzia; Hondarribian, Zarautzen eta Irunen, besteak beste.