![arraun-astea](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2018/08/Arraun-Astea.jpg)
Erdian, Maria Jesus Botigi, Kirikoren biloba, Eneko Goia alkatearekin eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuarekin.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ontzi Museoak eta Aquariumak Arraun Astea antolatu dute lehen aldiz. Aste horren baitan, hainbat jarduera egingo dituzte, Donostiako Estropaden inguruan. Oraindik egitaraua ez dago guztiz itxia, sailkatze estropadaren arabera izango baitute aukera arraun munduko pertsona batzuen partaidetza izateko edo ez. Edonola, arraun zaleentzako hitzordu garrantzitsuak izango dira seguru.
Iaz ekin zioten bi museoek Kontxako Banderaren atzera begirakoa egiteari, eta
Ziaboga izeneko aldizkaria argitaratu zuten, garai bateko aldizkari mitikoaren omenez. Aurten ere argitaratuko dute aldizkaria, irailaren 7an, eta Kiriko patroi donostiarra izango da aldizkariko protagonista nagusia. Hain zuzen, #Kontxa1918 izena du aurtengo ekitaldiak, eta duela ehun urte Kirikoren kuadrillak irabazitako Kontxako Bandera izango dute gogoan.
Horrekin batera, Aquariumen ikusgai jarri dute 1918ko bandera hura. Ontzi Museoaren kanpoaldean, berriz, panel batzuk jarri dituzte, 1918ko gertaera haiek oroituz.
ARRAUN ASTEA
EGITARAUA
- Irailak 5, asteazkena: 1950 eta 1960 hamarkadako Kontxako Estropadako arraunlarien oroitzapenak. Konstituzio plazako Udal Liburutegiaren Kriptan. 18:00etan.
- Irailak 6, osteguna: Arraun arloko lagun ezagun bati elkarrizketa egingo dio Ibon Gaztañazpik. Aquariumeko Auditoriumean, 19:00etan.
- Irailak 7, ostirala: Emakumeen Kontxako Bandera, hamar urteko historia. Mahai ingurua, arraunlari ohiekin eta gaur egungoekin. Aquariumeko Auditoriumean, 19:00etan.