Azken feminizidioa salatzeko elkarretaratzea egingo dute
Astelehen arratsaldean, abuztuaren 27an, hil zen larunbatean ospitaleratu zuten emakumea. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, erasoak salatzeko protokoloa martxan jarri du, eta elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko hainbat tokitan. Donostian, bihar, abuztuaren 30ean, izango da protesta. Bulebarrean izango da eta 19:30ean hasiko da.
Uharten gertatu zen erailketa eta hildakoaren senarra atxilotu dute, giza hilketa delitu bat leporatuta. Bermerik gabeko behin-behineko kartzelaldia ezarri dio instrukzio epaitegiak, Foruzaingoaren ikerketa oinarritzat hartuta.
Larunbatean, gizon batek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen Uharteko bere etxetik, emaztea, dutxan erori ostean, konorterik gabe zegoela abisatzeko. Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten emakumea eta bi egunez larri egon ondoren, astelehenean hil zen. Foruzaingoak, indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela susmatuta, ikerketa hasi zuen, gertatutakoa argitzeko. Ikerketaren emaitzen arabera, gizonak maiz ematen zizkion tratu txarrak emazteari.
Era berean, atzo, beste gizon bat atxilotu zuen poliziak Gasteizen, indarkeria matxista egotzita. Gizonak, bikotekide zuen emakumeari eraso egin ostean, bere burua balkoitik bota zuen, biak bizi ziren etxean bertan.
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak jakinarazi duenez, Euskal Herrian, indarkeria matxistaz 5 emakume izan dira erailak aurten. Espainian, aldiz, 62 dira 2018an gertatu diren erailketa matxistak.