Langabetuentzat doako euskara ikastaroak egingo dituzte
Donostian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako langabetuek doako euskara ikastaroak egiteko aukera izango dute 2018ko udazkenean. Izena emateko epea irailaren 3an hasiko da eta 21era arte egongo da zabalik. Donostiako edozein euskaltegi homologatuetan egiteko aukera egongo da.
Ikastaroak urraiaren 8an hasiko dira eta 5ean bukatu, eta hauek, 120 orduko iraupena izango dute. Egunero hiru orduko saioak egingo dituzte, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:45era, ordu laurdeneko atsedenarekin.
Ikastaro hauen helburuak euskalduntzea indartzea eta ekonomikoki ikastaroak ordaindu ezin dituzten pertsonei, euskara ikasteko aukera erraztea dira. Miren Azakaratek, Euskarako zinegotzi ordezkariak adierazi duenez, “behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabetuek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”. Iaz, 139 pertsonek parte hartu zuten ikastaroetan eta horietako askok, euskara ikasten jarraitzea erabaki dutela azaldu du Azkaratek.
Ikastaroetan parte hartzeko honako baldintzak bete behar dira:
- 18 urtetik gora izatea ikastaroaren hasiera datarako (2018ko urriaren 8a).
- Langabezia egoeran egotea izen ematea hasten den datarako (2018ko irailaren 3a).
- Donostian egoiliar gisa erroldatuta egotea gutxienez sei hilabetez jarraian ikastaroraren hasiera datarako (2018ko urriaren 8a).
- Eskabidea behar bezala beteta eta derrigorrezko dokumentazioa dagokion epearen barruan aurkeztea.
- Mailaketa froga egitea. Ikasleek proba bat egingo dute ikastaroa hasi aurretik beren euskara maila zehaztu ahal izateko, (2017-2018 ikasturtean -uda barne- euskaltegiren batean aritu diren ikasleek ez dute euskara proba egingo).