Imanol Agirretxek futbola uztea erabaki du
Futbol profesionala uztea erabaki du Imanol Agirretxe Realeko jokalariak. Talde txuri urdinak sare sozialetan zabalduriko bideo baten bidez eman dute albistearen berri. Bertan ageri da 31 urteko usurbildarra, eta ondorengo mezua zabaldu du:
“Kaixo txuri urdin guztioi. Gaur erabaki baten berri ematera nator. Uste dut momentu ona dela erabaki bat hartzeko eta Realean pasa dudan etapa hau eta futbolari eskeini diodan etapa hau bukatutzat ematea erabaki dut. Oso pozik nago, oso harro egindako guztiaz eta seguru ere bai emandako pausoarekin. Egun zoriontsua da, atzera begiratu eta gauza on asko ikusten ditudalako. Lehen partida lehen mailan kamiseta honekin jokatzeko aukera izan nuen, eta azken ostikadak ere kamiseta onekin egin ditut. Amets bat izan da, lortu dudan ametsa. Niretzat bi pauso horiek ematea eta orain zuetaz guztiotaz Anoetan agur esatea karrera perfektu baten gidoia da eta oso zoriontsu nago hortaz. Besterik gabe, oso harro nago eginiko guztiaz, zoriontsu nago, esker hitzak besterik ez ditut zuentzako. Besarkada handi bat, eskerrik asko emandako guztiagatik. Aupa zuek”.
Realak jakinarazi duenez, Agirretxe omenduko dute irailaren 15ean Anoeta eraberrituaren lehendabiziko neurketan. Klubaren urrezko oroigarria emango diote gipuzkoarrari Bartzelonaren kontrako partida hasi aurretik. Txuri urdinen lehen taldearekin 2005ean egin zuen debuta. Castellon utzita aritu ondoren, 2008-09 denboraldian Realeko lehen taldeko jokalaria bihurtu zen. Guztira 272 partida ofizial jokatu ditu, eta 72 gol sartu.? Imanol Agirretxeren mezua familia txuri-urdinari: "Unea iritsi dela sentitzen dut, harro noa" #BetiEgingoDuzuHeganGurekin ⬇️ pic.twitter.com/yIuBj611V7
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) August 29, 2018
2015eko abenduaren 30ean hasi zen aurrelariaren gurutzebidea. Bernabeun Real Madrilen kontra jokatutako partidan, Keylor Navas atezainarekin talka egin zuen jokaldi batean, eta horrek lesio larria eragin zion. Gainditzeko bidean izan den arren, etengabe lesio berriak sortu zaizkio, eta dirudienez, horrek bultzatu du erretiroa hartzera.#BetiEgingoDuzuGurekinHegan pic.twitter.com/zRlqOrchjH
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) August 29, 2018



