Juan Inaxio Astiazaran, Zubietako Iruin sagardotegian. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Estropadek eta sagardoak irudikatzen dute Donostiako Euskal Jaien hasiera. Larunbat honetan, hilak 1, XXXIII. Sagardo Eguna egingo dute Konstituzio plazan. 11:00etatik 14:00etara sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Bitarte horretan, 12:30ean, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak topa eta omenaldia egingo du.
Aurten, Juan Inaxio Astiazaran eta Isabel Diaz senar-emazteak omenduko dituzte. Astiazaran sagardoaren ekoizleak dira eta Zubietan dute Iruin sagardotegi eta jatetxea. Omenaldiaren oso pozik dagoela adierazi dio Astiazaranek IRUTXULOKO HITZAri. “Ni bezala badira lehenago sagardogintzan lan asko egindakoak, eta beraien esker ona jasotzea benetan polita da”.
Astiazaran sagardoak hasieratik izan du lekua Donostiako Sagardo Egunean. “Festa polita da eta giro onekoa. Gainera ordutegia murriztu zutenetik egokiagoa iruditzen zait”, dio Astiazaranek.
Euskal Jaien atarikoa eta Juan Inaxio Astiazarani elkarrizketa irakurri ahal izango dira biharko astekarian.