66. Zinemaldiaren kartel ofiziala.
Aldaketen urtea bizi du
Donostiako Zinemaldiak. Identitate grafiko berria aurkeztu ondoren, kartel eredu berria estreinatu dute. Horrela,
Isabelle Huppert aktore frantziarra da 66. Zinemaldiko kartel ofizialaren protagonista. Indentitate grafikoa bezala, TGA diseinu-estudio donostiarrak sortu du kartel ofiziala.
“Ohore handia da oraindik jardunean den eta urtero film zoragarriak ekartzen dizkigun munduko antzezle onenetako batek Zinemaldiaren irudia izatea onartu izana”, azaldu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak. Huppert eta Donostiako zinema jaialdiaren arteko harremana duela 15 urte hasi zen
La vie promise pelikula aurkeztera etorri zenean. 2003an, berriz, Donostia Saria jaso zuen. Bestalde, Zinemaldian Hupperten 15 film programatu dira.
Filmografia ederra osatu du aktore frantziarrak bere ibilbidean. 130 filme baino gehiagotan parte hartu du, eta ehun saritik gora bildu ditu. Besteak beste, emakume aktore berri onenaren BAFTA saria (1978), Urrezko Globoa (2016), Zilarrezko Hartza (2002), bi Cesar sari (1995 eta 2016), bi Volpi kopa (1988 eta 1995) eta Urrezko Lehoi berezia.